Auzitegi Nazionalak 20 euskal presoren egoera aztertuko du ostiraletik aurrera, ezarri zaizkien zigorrak murriztu ala ez erabakitzeko. Odol deliturik ez duten presoen egoera berrikusiko du auzitegiak, Sare herritar plataformak jakitera eman duenez. Teresa Toda eta Joseba Azkarraga elkarteko bozeramaileek prentsaurrekoan adierazi dute “ilusioz” jaso dutela albistea. Auzitegiaren erabakia “gaur egungo garaietara moldatzea” espero dute.
Auzitegiak zigorrak murrizteko erabakia hartzea konponbidearen aldeko “pauso bat” izango litzateke Toda eta Azkarragaren iritziz. “Salbuespenezko neurriak” bertan behera uztea eskatu dute eta, gaur bertan, Auzitegi Nazionalak presoen eskubideen aldeko hainbat elkarteren aurka hasi duen epaiketa jarri dute horren adibide
Sarek astebururako antolatu dituen ekitaldien berri eman du baita ere. Maiatzaren 14an eta 15ean euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatuko dituzte Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Agurainen, Beasainen, Etxarri-Aranatzen eta Santurtzin, besteak beste.
Herri plataformak bi urte beteko ditu datorren ekainaren 15ean. “Ahalik eta lasterren desagertzeko” sortu zen arren, bozeramaileek nabarmendu dutenez, “zoritxarrez, oraindik ezin gara desagertu”.