Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko 200 hautetsi inguru bildu dira gaur Kanbon (Lapurdi) Hautetsien Kontseiluak egindako biltzar nagusian. Bertan ziren elkargo bakarraren aldeko zein kontrakoak, eta herri txikienetako zinegotzietatik Asanblea Nazionaleko parlamentarietaraino. Pirinio Atlantikoetako prefetak ere parte hartu duen bilkuran Ipar Euskal Herriko hirigune elkargoari buruzko azken xehetasunak eman eta zalantzak argitu dituzte hautetsiek. Proiektu osoa biltzen duen txosten definitiboa ere banatu dute, eta Ipar Euskal Herriko 158 herrietako auzapez eta zinegotziei helarazi diete.
Joan den asteartetik hasita zabalik da elkargo bakarrari baiezkoa edo ezezkoa emateko epea, eta bi hilabete izanen dituzte orain herriek bozkatzeko. Herriz herri eginen dute bozketa, osoko bilkuretan, edo horretarako espreski deituriko batzarretan. Instituzio berria aitzina atera ahal izateko Ipar Euskal Herriko herrien erdiek eman beharko diote baiezkoa prefetaren proposamenari, baina ez hori bakarrik: biztanleriaren erdia ere ordezkatu behar dute baiezkoek. Herri handienek, beraz, garrantzia handia izanen dute.
Baionak, ortzegunean
Herri anitzek ez dute oraino iragarri noiz bozkatuko duten, baina Baionako Herriko Etxeak bai: ortzegunean eginen du bozketa. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Hautetsien Kontseiluko presidenteak azaldu duenez, ahalik eta fiteen antolatu nahi izan du bozketa: "Ez genuen azkenak izan nahi". Garrantzia berezia du Baionakoak, bai sinbolikoki, bai biztanleriaren aldetik ere: 45.000 biztanlerekin, Ipar Euskal Herriko herririk handiena da.
Joan den udazkenean ere bozkatu zuten herriek, baina soilik iritzi gisa. Orduko bozketan herrien %72k eman zion baiezkoa elkargo bakarrari. Biztanleriaren %66a ordezkatzen zuten.