Lokarrik deituta, Barakaldoko BECen (Bizkaia) hainbat sektoretako 200 lagun berradiskidetzeaz eta elkarbizitzaz jardun dira gaur goizean, hausnarketak, esperientziak eta proposamenak banatzeko asmoarekin. Ordezkaritza anitza bildu da eta gustura agertu dira Lokarriko ordezkariak. "Bakearen eta elkabizitzaren hartzaileak herritarrak dira eta horregatik antolatu dugu ekitaldi hau, gizarteak protagonismo aktiboa izan dezan", esan du Paul Riosek.
"Aldaketa handien garaian egoera berriari modu egokienean ekiteko hausnartzea komeni da. Orain, gizarte bezala, erronka handiak ditugu: atzera begiratu, orain zer egin erabaki eta etorkizuna eraiki", esan du Lokarrik, eta ondorengo galdera bota die parte hartu dutenei: "Zer da eta zer egin behar da berradiskidetze soziala lortzeko". Ondorioekin proposamen batzuk egingo dituela iragarri du Lokarrik.