euskal presoak

20:00ak aldera iritsiko da 'Gatza' Zornotzara

Jose Mari Sagardui goizean atera da kalera kartzelatik —Jaenen—, ia 31 urte preso egon ostean. Alabaren eta senideen besarkada jasota autoan sartu eta Euskal Herrira bidean da. Itzulian autobusa Madrilen bi ordu geratuta izan du Guardia Zibilak. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetaria zuzeneko kontaketa egiten ari da Berriketan.info sare sozialean.

2011ko apirilaren 13a
20:54
Entzun

Ia 31 urte espetxean egon ondoren atera da kalera Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa. 20:00etan iritsiko da Zornotzara (Bizkaiak), sorterrira. Espetxetik atera denean, alabaren eta senideen besarkada jaso eta Euskal Herrira itzultzeko autoan sartu da. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean jaso duenez, "Gatza, herria zurekin!" izan dira preso ohiak entzun dituen lehen oihuak.

Jaengo espetxearen atarian euskal herritar ugari zituen zain, lehen harrera eskaintzeko gogoz, besteak beste, ezker abertzalearen ordezkariak, preso ohiak eta abokatuak, Zornotzako herritarrekin batera. Euskal Herritik harrera egitera joandakoak ere autobusean sartu eta Euskal Herrirantz datoz. Madrilen, ordea, Guardia Zibilak geratu ditu, itzuleran.

Zornotzako herritarrak eta ezker abertzaleko ordezkaritza dakarren autobusa eta kazetariekin datorren furgoneta Guardia Zibilak gelditu egin ditu arratsaldean Madril inguruan. Bi ordu eduki ditu hantxe.

Goizean jarri du Jaenen Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzak martxan Gatza askatzeko prozedura, eta, bide batez, irteera "baketsua" izateko modua prestatuela jakinarazi du. Ultraeskuindar talde bat zegoen espetxe kanpoan euskaldunei irainka. Polizien despliegea handia zen eta kazetari ugari zeuden Gatza noiz aterako den zain. Kazetarien galderei erantzunez, Gatzak bere zigorra bete duela gogorarazi du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. 

Harrerak, debekatuta

Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur goizean debekatu egin ditu Gatzari ongi-etorria egiteko antolatutako omenaldiak. Espetxean bertan egitekoak diren harrera debekatu du, eta horrekin batera, baita Zornotzara iristen denerako antolatutakoa. Bizi osorako kartzela zigorrik ez leloa zuen Zornotzakoak, eta aurretik Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak ere debekatu du. Larunbatean egitekoa den bilkura ere debekatu du Jaurlaritzak.

Terrorismoa goratu eta biktimak irainduko zirelakoan dago Grande-Marlaska epailea. Debekua Francisco Jose Alcaraz Terrorismoaren kontrako ahotsak (VCT) elkarteko presidenteak eskatu du. Debekatzen ez bazuten elkarte horretako kideek espetxearen atarian harrera oztopatuko zutela egin du mehatxu auzitegian aurkeztu duen idatzian. 

Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa

2009ko abuztuaren 20an zuen irteteko eguna Gatzak, baina urte bereko apirilean Granadako Epaitegiko zigor aretoak 197/2006 doktrina ezarri eta zigorra luzatu egin zion. Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa zen. 

1980ko uztailaren 8an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAko kidea izatea egotzita. Harrezkero, besteak beste, Carabanchel, Soria, Puerto I.a, Herrera de la Mancha, Sevilla II.a, Mallorca, Sevilla I.a, Granada, Puerto II.a eta Jaengo espetxeetan eduki dute, Euskal Herritik ehunka kilometrora betiere. Gaur egun Jaenen zegoen preso.

Aurki Jon Agirre Agiriano preso politikoa ere espetxetik aterako da, kartzelan 30 urte egin ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.