Euskal gizartea ongi bizi den gizartea dela nabarmendu du Ibarretxek, baina arazo handi bat duela gainditzeko: bakerik eza. Gatazkaren ondorioz, sufrimendua urte askotan ari dela luzatzen azpimarratu du, eta, beraz, premiatua dela auzi hori lehenbailehen konpontzea.
Ildo horretatik, bakerako trabarik handiena ETAren indarkeria dela iritzi dio. Ia hiru urtean bortizkeria horrek heriotzarik eragin ez izana "onerakoa" dela erantsi du Jaurlaritzako lehendakariak, baina bakegintzan aurrera egiteko ETAk armak uztea ezinbesteko urratsa dela nabarmendu du.
Dena den, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko pausuak eman behar dituen bakarra ez dela ETA gaineratu du, eta Espainiako Gobernuak zein Euskal Herriko alderdiek ere aurreraurratsak egin behar dituztela. Hori dela eta, espetxe politika aldatzeko eta presoen eta haien senideen eskubideen errespetuan oinarri dezala eskatu dio Zapateroren Gobernuari. Alderdi guztiei, berriz, elkarrizketa mahaia osatzeko pausuak eman ditzatela galdegin die, "bazterketarik gabe". Elkarrizketa gaiak, berriz, erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriko lurralde desberdinen arteko harremanak eta Espainiako Estatuarekin izan beharreko harremanak direla zehaztu du.
Nolanahi ere, bakerako eta normalizazio politikorako urratsak ez dira hutsetik abiatzen Ibarretxeren iduriko. Aitzitik, atzo urtebete Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu berri proposamena abiaburu zilegia eta indarrean dagoena dela defendatu du. Lehendakariaren arabera, proposamen horrek konponbiderako oinarria ezartzen du, eta guztiz indarrean dago.
Hori guztia dela eta, itxaropentsu agertu da hastear den urteari begira; areago, 2006a "esperantzaren urtea" dela esan du, "bakea, normalizazioa eta adiskidetzea" lortzeko itxaropenarena. Egiazko aukera dagoela iritzi dio Ibarretxek, eta herritar guztien lorpena dela aukera hori sortzea. Amaitzeko, "zer nahi den eta nora joan Euskadin" erabakiko dela nabarmendu du.
Jaurlaritzako lehendakariaren urte amaierako mezua
2006a "esperantzaren" urtea dela, eta Estatutu berrirako proposamenak konponbiderako "gakoak" biltzen dituela nabarmendu du Ibarretxek
Bakea eta normalizazio politikoa lortze aldera itxaropentsu agertu da Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria eguerdian zabaldu duen urte amaierako mezuan. Hain zuen ere, hurrengo hamabi hilabeteetan bakea eta normalizazio politikoa lortzen hasteko aukerak sumatzen dituela-eta 2006a esperantzaren urtea dela adierazi du; areago, bakerako biderak "atzera bueltarik" ez duela ziurtatu du. Gainera, bakearen eta normalizazioaren bidea ez dela hutsetik hasten nabarmendu du, baizik eta atzo urtebete Eusko Legebitzarrak onartutako Estatutu berrirako proposamenak biltzen dituela konponbiderako giltzak. ETAri armak uzteko eskatu dio; Espainiako Gobernuari espetxe politika aldatzeko, eta alderdi guztiei elkarrizketarako ahalegina egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu