Gobernuak eta hizkuntza politiken arduradunak berritu dira, baina ordezkari berriek aurreko agintaldian hasitako bideari eutsi diote hizkuntza politikaren alorrean. Zortzi urtez harremanak etenda egon ostean, 2008an elkartu ziren Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak, eta oinarrizko akordioa itxi zuten 2009an. Euskararen ikerketan, aholkularitzan, itzulpengintzan, transmisioan, helduen euskalduntzean eta toponimia alorrean elkarlanean aritzea adostu zuten Miren Azkarate orduko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Carlos Perez-Nievas orduko Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.
Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Xabier Azanza Euskarabideko zuzendaria aritu ziren akordioa josten, eta aurrerapauso handi gisa aurkeztu zuten bi administrazioen arteko akordioa. 2000tik 2008ra, batere harremanik ez zuten eduki Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Pedro Pegenautek ateak erabat itxi zituen. 1999an UPNk irabazi zituen Nafarroako Parlamenturako bozak; Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza lekuz aldatu eta Hezkuntza Departamentuaren menpean jartzea izan zuen lehen erabakietako bat. Euskararen Aholku Batzordeko kideen erdiek baino gehiagok dimisioa aurkeztu zuten, baita Zuzendaritzako arduradun zenbaitek ere.
Giro horretan, Pedro Pegenautek 2000ko ekainean hartu zuen Hizkuntza Politikako Zuzendaritzaren gidaritza; bere saileko errotuluak gaztelania hutsez jartzea izan zuen lehen lana. Urte zailak izan ziren euskararen normalizazioaren alde ari zirenentzat: diru laguntzak urritu ziren, administrazioan euskararen erabilera eta presentzia murrizteko dekretuak onartu ziren, eztabaida gogorrak izan ziren euskararen inguruan. Pegenautek laster izoztu zituen harremanak euskararen beste herrialdeekin, eta horretan iraun zuen.
2007an, Perez-Nievasek hartu zuen Nafarroako hizkuntza politikaren ardura, Euskarabidea ere orduan sortu zen, eta harremanak berritu zituen Jaurlaritzarekin. «Bi gobernuen arteko harremanak normalizatu beharra zegoen», esan zuen Perez-Nievasek, behin akordioa sinatutakoan. Duela hiru urte itxitako hitzarmen haren izaerari eutsi diote bi administrazioek orain; Miren Azkaratek duela hiru urte aipatu zuen bezala, «egitura juridiko-administratiboak errespetatuz».
2008an irekitako atearen zirrikitutik
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2008an berritu zituzten harremanak. Aurreko zortzi urteetan ez zuten batere harremanik izan bi administrazioek, eta urte gogorrak izan ziren euskalgintzarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu