Ez da lehen aldia. Paperik ez edukitzeak immigranteak ahul egiten dituela badakite, eta, horretaz aprobetxatuta, dirua ateratzen saiatzen dira. Behin eta berriro. Izatez, Bilboko Instrukzio Epaitegian zabalik dauden 11 prozesuetako bederatzitan, etorkinei iruzur egiteagatik zigortuta egon den abokatu bat ikertzen ari dira. SOS Arrazakeriak gogora ekarri du kasua: 2005ean 40 lagun ingururi egin zien iruzurra, dozena erdi bat enpresaren bidez kontratu faltsuak eginez.
2008ko maiatzean zigortu zuten: bi urteko espetxea, 4.680 euroko isuna, bi urteko inhabilitazioa, eta 30.740 euroko kalte-ordaina. Halere, abokatua ez zen kartzelara joan, aurrekaririk ez zuelako; zuzenbidean jarduteko inhabilituta zegoela atxilotu zuten 2008ko irailean.
Sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra dakar horrelako iruzurrak. Baina, Carlos Alonso abokatuaren arabera, delitu bera berriz egitea astungarria litzateke salatutako abokatuarentzat, epaitegiak zigortuko balu. Bizkaiko Abokatuen Bazkunak ere haren aurkako salaketan parte hartu du.
Prozesu motela
Ez da lehen aldia abokatu bati etorkinei iruzur egitea egotzi zaiona, baina antzeko salaketetatik errugabe jotakoak ere izan dira. 2007an zeresan a eman zuen Bilboko beste abokatu bat ehun immigrante engainatzeaz errugabetu izanak; «etorkinen kontraesanengatik» absolbitu zuten». SOS Arrazakeriak ez ezik, fiskalak ere frogatutzat jo zuen iruzurra.
Dena den, Alonsok uste du oraingoan ez dela zaila izango delitua frogatzea, dokumentazioa badaukatelako, eta horren truke ustezko iruzurgileek dirua jaso zutela egiaztatzeko modua ere badagoelako.
Edonola ere, gaineratu du prozedurak hain luze jotzeak ez duela laguntzen. Lehenengo kasuak 2008an agertu ziren, eta oraindik diligentzien fasean daude, hau da, ikertzen. «Horrek zigorgabetasun sentipena eragin dezake ustezko iruzurgileengan». Gainera, salaketek aurrera egiten ez dutela antzemateak eragina du, sarritan, etorkinengan: «Pentsa dezakete ustezko iruzurgileak zuzen dabiltzala, ez direla legez kanpoko ezer egiten ari».
2008an zigortutako abokatu bat ikertzen ari dira 9 kasutan
Etorkinei iruzur egiteagatik zigortu eta hilabete gutxira atxilotu zuten, inhabilitatuta zegoenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu