“Aro politiko berria” abiatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, horretarako, “proposamen zehatza, argia eta adornurik gabekoa” egin du: 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa antolatuko du, aurrez Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioa berresteko edo, bestela, bien artean legokeen “blokeoa gainditzeko”.
Espainiarekin akordioa lortzeko, Ibarretxek 2008ko ekaineko epea emango dio hango Gobernuaren presidenteari. “Bi irizpidetan oinarritzen dut proposamena. Bat, printzipio etikoa, indarkeriari uko eginez, euskal gizarteak bide politiko eta demokratikoak bakarrik erabiltzeko duen konpromisoa. Bi, printzipio demokratikoa, euskal gizartearen nahia errespetatzeko, eta borondate hau ordenamendu juridikoan jaso eta nola gauzatuko den arautzekoa”.
Jaurlaritzaren eta Espainiaren akordioa balego, hurrengo urteko urriaren 25ean egingo litzateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herri galdeketa. “Loteslea litzateke”, esan du Ibarretxek, eta alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Erdietsitako ituna garatu eta juridikoki artikulatuko duen akordioa, ondoren, euskal gizarteak berrets dezan, erreferendum erabakitzaile baten bidez". Euskal gizarteak "protagonismoa" izan beharko luke.
ETAk eta Espainiako Gobernuak ere izango lituzkete elkarrizketak, "indarkeriari amaiera emateko, 2005eko maiatzean [Espainiako] Diputatuen Kongresuak onartu zuen ebazpenak jasotzen dituen baldintzak betetzen direnean".
Bigarren aukera
Bi parteen artean akordiorik ez balego ere, ordea, EAEn herri galdeketa antolatuko lukeela “hitz eman” du Ibarretxek. “Helburua: blokeoa gainditzea. Eta bi agindu emango lituzke euskal gizarteak. Lehenik, Espainiako Gobernuak eta ETAk elkarrizketa prozesuari ekitea, indarkeria behin betiko amaitu dadin, beti ere ETAk aldez aurretik benetako borondatea erakusten badu terrorismoari uko egin eta onartzeko euskal ordezkari politikoei bakarrik dagokiela erabaki politikoak hartzea. Bigarrenik, euskal alderdi politiko guztiek, inolako bazterkeriarik gabe, negoziazio prozesuari ekitea, epe jakin batean, normalizazio politikorako akordioa lortzeko helburuarekin. Euskal gizarteak etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea nola gauzatuko den eta barnean eta kanpoan nolako harreman esparrua nahi dugun ardatz izango dituen akordioa".
Bigarren galdeketa hori ez litzateke loteslea, "baina bai zilegizkoa eta demokratikoa”. Galdeketaren -batena edo bestearena- emaitza aldekoa balitz, Ibarretxeren ustez "ETA behartua legoke indarkeriari uko egiteko", eta alderdi politiko "guzti-guztiak", berriz, "negoziazio politikorako mahaia abian jartzeko". Akordio politikoak "ahalik eta integrazio handiena lortzea izan behar du helburu, baina inori beto eskubiderik onartu gabe".
"Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du.
Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, ikasturte berriaren politika orokorrari buruzko eztabaidaren hitzaldian aurkeztu du proposamena. Bi ordu eta hamar minutuz hitz egin du.
Hauteskunde deia
Jaurlaritzaren eta Gobernuaren akordioaren edo akordio ezaren kasuetan, Ibarretxek galdeketa antolatzeko baimena eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari 2008an ekainean, eta honek baimenik emango ez balio, lehendakariak Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko lituzke.
Galdeketaren ondoren deituko lituzke, bestela, bozak. "Publikoki esaten dut gaurtik bertatik eta Ganbera honetan, kontsultaren ondoren Legebiltzarra deuseztu eta hauteskundetarako deia egingo dudala, zeinahi dela ere kontsultaren emaitza, aldekoa edo kontrakoa". 2005eko maiatzean izango dira aurreko hauteskunde autonomikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
"Atzerabueltarik ez"
“Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko atzerabueltarik gabeko pausoak eman behar ditugu aurrera. Erantzukizun historikoa dugu. Heldu da ordua”, iritzi dio lehendakariak. Funtsezkoak direla deritzo “bazterketa politikorik gabeko elkarrizketa eta giza eskubide denen errespetua. Eta bide demokratiko eta politikoak baino ez dira erabili behar”.
Jaurlaritzak ez du “iragan suntsitzailera” itzuli nahi, “ETA hor dagoen arren”. “Gizarteak arbuiatu egiten du indarkeria. Bukatu da indarkeriaren aroa”. Normalizazio politikoak bidea egiteko, baina, “ETAk giltza politikoa ez” duela izan behar adierazi du Ibarretxek. Bide batez, “tortura eta [presoen] sakabanaketa” salatu ditu.
ETAren su-eten iraunkorra bukatu izanaren “errudun bakarra” erakunde armatua dela esan du, eta ez duela Espainiako Gobernua kritikatuko “bakea lortzeko ahalegina egiteagatik”.
Aurrera begira beste saiakerarik balego, Jaurlaritzak “babestu” egingo luke, “baina ezinbestekoa da alde teknikoa eta politikoa bereiztea. Azken hori alderdi politikoei dagokie”.
Politika
2008ko urriaren 25ean herri galdeketa egingo da EAEn, Espainiarekin lortutako “itun politikoa” berresteko edo “blokeoa gainditzeko”
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak neurri hori hartuko duela iragarri du gaur. Espainiako Gobernuarekin hurrengo urteko ekainean indarkeriaren bazterketaz eta erabaki eskubideaz hitzarmena lortu nahi du. Galdeketaren -batena edo bestearena- emaitza aldekoa balitz, "ETA behartua legoke indarkeriari uko egiteko, eta alderdi politiko guzti-guztiak negoziazio politikorako mahaia abian jartzeko". "Prozesuari amaiera emateko", 2010ean erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu