Azpiegiturak

2009, 2010 eta 2011ko AHTaren kontratuetan irregulartasunak egon zirela azaldu du kontu epaitegiak

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak jakinarazi du ETSk sinatutako kontratuetan irregulartasunak errepikatu direla urtez urte; horien artean, Segurtasun eta Osasun Planen atzerapena eta kontratua esleitzerakoan zehatz-mehatz xehatu gabeko "balio judizioen" gehiegizko garrantzia aipatu dituzte.

Jon Rejado.
2013ko urriaren 23a
20:56
Entzun

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aurten argitaratutako txosten batean jakinarazi du AHT abiadura handiko trenaren lau kontratu esleipenetan irregulartasunak antzeman dituela.

Irregulartasun horiek 2009an eta 2010ean sinatutako kontratuetan ere bazeudela jakinarazi du Jose Ignacio Martinez aipatu epaitegiko presidenteak gaur, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean egindako agerraldia baliatuta.

Dena den, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak nabarmendu du akats horiek ez dutela kontratuen muina ezbaian jartzen. "Irregulartasunek interesa dute, baina ez dira nahikoak pentsarazteko beste kontratu bat egokiagoa litzatekeela kontu publikoetarako".

Irregulartasunen artean arlo ezberdinetakoak aipatu ditu Martinezek. Alde batetik, 2011ko kontratu guztietan epez kanpo aurkeztu zituzten Segurtasun eta Osasun Planak, eta arazo hori aurreko urteetan ere gertatu zela azaldu du. 

Horrez gain, kontratua esleitzerakoan egindako balorazioetan "balio judizioen gehiegizko" garrantzia nabarmendu du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.

Gai horiek teknikarien irizpideen araberakoak direla azaldu arren —kontratuetan dauden irizpide subjektiboak, alegia— "balio judizio" horiek hobeto xehatuz gero horien kontrol hobea egin daitekeela gaineratu du.

ETS Euskal Trenbide Sareari irregulartasun horien berri eman dioten arren, urtez urte errepikatu dituela gogorarazi du Martinezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.