URTEKARIA

2013a, bost albistetan

Berri asko eta garrantzitsuak utzi ditu 2013ak. Segidakoak dira BERRIA.INFOn gehien irakurriak.

Herrira-ren kontrako operazioa.
jon olano
2013ko abenduaren 31
08:06
Entzun

1. Herrira-ren kontrako operazioa

Hamazortzi lagun atxilotu eta Herrira-ren egoitzak itxi zituen Guardia Zibilak irailaren 30ean. ETAkoak izatea egotzi zien Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta libre utzi zituen guztiak deklarazioa hartu eta gero. Presoen eskubideen aldeko plataformaren Twitter eta Facebook kontuak nahiz webgunea ixteko ere agindu zuen epaileak. Manifestazio jendetsua egin zuten urriaren 5ean, operazioa salatzeko. Irailaren 30a izan da BERRIA.INFOk bisita gehien jaso dituen eguna: 30.000tik gora.

2. Aske Gunea

Fenomeno berritzailea izan da herri harresiena. Donostian, Segi-ko kide izatea zigortutako zortzi lagun espetxeratu ez zitzaten, ehunka lagun batu ziren Bulebarrean haiek babesteko. 300 ertzain inguru joan ziren bertara, eta lau ordutik gora behar izan zituzten zigortuak preso eramateko. Apirilaren 19ko goizaldean gertatu zen hori. Urtza Alkortaren atxiloketarekin, antzerako irudiak errepikatu ziren Ondarroan maiatzean, eta beste horrenbeste gertatu zen Iruñean urrian.

3. 'Parot doktrina', eraitsia

Parot doktrina izenekoa behin betiko eraitsi zen urtea izan da 2013a. Urriaren 21an eman zuen ebazpena Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Ines del Rio Prada preso ohiari arrazoia emanda. Dozenaka preso libre geratu dira harrezkero.

4. D ereduko irakasleen aurkako txostena

Oihartzun handia izan du, halaber, Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko irakasleak zelatatuz eginiko txostena. 1.600 maisu-maistra ikertu zituen Poliziak, ETArekin zerikusia dutela frogatzeko asmoz. Nafarroako Gobernuak neurriak iragarri zituen ikerketaren ondotik. Abenduaren 19an, 15.000 lagun atera ziren kalera Iruñean, D eredua babesteko.

5. #BTN13: Arzallus txapeldun

Abenduaren 15ean izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta Amets Arzallus nagusitu zen. Maialen Lujanbio izan zen harekin buruz buru, 2009ko finala errepikatuz. Amari eskaini zion "aitarena den txapela". Txiki geratu zen BEC, eta jarraipen handia izan zuen finalak Interneten ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.