Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez ditu aurreratuko 2013ko bozak, Sortu legeztatzen badute ere. Azken egunotan, Sortu legezko alderdi bilakatzen bada EAEko bozak aurreratzeko eskatu dio EAJk. Hori ez duela egingo azaldu du Lopezek. Hala ere, epaileek Sortu legezkoa dela esango balute berak «poza» hartuko lukeela adierazi du.
PPri «inoiz esan ez dituen hitzak» entzun dizkiola ere esan du. Izan ere, Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak herenegun adierazi zuenez, PP eskuzabala izango da Sorture-kin, bakearen alde egin duen hautua benetakoa dela frogatzen badu.
Oiarzabalen hitzen harira, PPren barnean «zerbait mugitzen» ari dela uste du Josu Erkoreka EAJko diputatuak. Erkorekaren ustez, PPk bere diskurtso tradizionalari eusten dio ezker abertzalearen inguruan, baina bi salbuespen nabaritzen ditu: EAEko PPren diskurtsoa —«ez da Espainiakoarena bezain bortitza»— eta Mariano Raxoi alderdiko presidentearen «isiltasun itzela».
Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak, ordea, alderdiaren diskurtso ofizialari eutsi dio. Sortu eta Batasuna «gauza bera» direla adierazi du. Alonsok ukatu egin du PPk Espainian eta EAEn diskurtso ezberdinak plazaratzen dituela, eta gogora ekarri du PPk arduraz jokatu duela beti ETAko edo Batasuneko kide izan eta erakunde horietatik atera direnekin: «Ez diegu euren iragana leporatu, eta politika egiten ari dira orain».
2013ko hauteskundeak ez dituela aurreratuko argitu du Lopezek
EAEko PPren diskurtsoan «aldaketa» nabari duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu