Zortzi hilabete pasa dira, baina nekez ahaztuko dute askok iazko sanferminetako txupinazoa. Hainbat urtean lehen aldiz, ikurrina berriro eskegi zuten Iruñeko udaletxeko masta batetik. Zurrumurrua bazebilen eta goiz horretan udaletxeko balkoian bosgarren masta bat ikusi orduko susmoak berretsi egin ziren. Iruñeko udaletxeko balkoia prest zegoen jazarpenaren gainetik ikurrina hartzeko. Istilurik ez zen izan batere, eta Gora San Fermin oihuarekin hasi ziren Iruñeko festak.
UPNk eta Nafarroako sektore eskuindarrek debekatu egin zuten aurreko urteetan ikurrina erakunde publikoetan. Jazarpena txupinazora ere iritsia zen, eta urtez urte Iruñeko udaltzainek ahalegin handia egiten zuten udaletxeko plazan ere ez zedin ikurrinarik ikusi. Espetxe zigorrak ere izan dira tartean. 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondotik, ordea, Joseba Asiron EH Bildukoak hartu berri zuen alkatetza Iruñean, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren babesarekin. Eta Asironekin aldaketa iritsi zen txupinazora ere.
Eta ez soilik ikurrinari dagokionez. 2015ean Veleta peñako kideen ondorengoek bota zuten txupinazoa, Chantal Estradak zehazki, Honorario Artetaren biloba. Veleta peña 1936ko gerra eta jazarpenaren aurretik Iruñean izan zen peña bat izan zen, eta eureak izan ziren jaietan zuriz janzteko ohiturarekin hasi zirenak. 1936ko jazarriak, ordea, historiagrafia ofizialak baztertu eta ahaztuarazi egin zituen, Juanito Etxeparerekin batera. Jaiak txupinazoarekin hasteko ohitura abiatu zuena izan zen Etxepare.