Birziklagarria naiz du goiburu kanpainak. Gaur eguerdiko aurkezpenean Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, kanpainak etorkizunari begiratzen dio eta konpromisorako deia egin nahi du: "Konpromiso pertsonal eta kolektiboa ingurumenarekin, gure orainarekin eta gipuzkoarren ondorengo belaunaldiekin. Gipuzkoako jendarteari eta gipuzkoar guztiei funtsezko salto bat emateko deia egin nahi diegu, hemendik hiru urtera orain baino hobeto egon gaitezen, helburu handiagoei heltzeko plataforma sendo bat izan dezagun eta Gipuzkoa solidarioa, garbia eta iraunkorra eraiki dezagun denon artean".
Errazkinek gogorarazi duenez, gaur egun, hondakinen herena birziklatzen da Gipuzkoan. "Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan askoz birziklatze tasa altuagoak dituzte, eta beraz, Gipuzkoan ere badugu zer hobetu", gaineratu du.
"Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, duela urtebete, helburu bat jarri zuen mahai gainean: 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea. Eta gaur aurkezten ari garen kanpainak helburu horretara iristeko deia egin nahi du. Denok egin behar dugulako esfortzu txiki bat helmuga horretara iristeko: instituzioak, eragile sozial eta ekonomikoak, alderdi politikoak eta herritarrak", esan du Errazkinek.
Kanpainak hilabete eta erdi iraungo du, eta hainbat euskarri erabiliko ditu: irrati tarteak, prentsa iragarkiak, markesinetako kartelak, autobusak, bannerrak…