2016. urterako 30.000 tona hondakin bideratu nahi ditu urtero Bizkaiko Foru Aldundiak konposterako, herrialdean sortzen diren hondakinen %4, hain zuzen. Konpostegia, hau da, Bizkaian atzodanik martxan dagoen lehenengo konpostatze planta izango da hondakinak konpost bihurtzeko gune nagusia, baina diputazioak aurreratu duenez, herrialdeko beste lurralde batzuetan ere eraikiko dituzte «beste txikiago batzuk» ere.
Konpostegia Artigasen ireki dute, hogei urtetan hiri hondakinak jaso zituen zabortegi zaharrean. Gaur egun, «itxita, zigilatuta eta egonkortuta» dago zabortegia, eta konpostatze planta hor berreskuratutako 14.000 metro koadroko lursailean eraiki dute.
Konpostegian jasoko dituzte lorezaintzako hondakinak, biltegi handietako elikagaien biohondakinak eta bosgarren edukiontziaren bidez jasotako hiri hondakinen frakzio organikoaren gaikako bilketatik jasotakoak.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hitzarmena sinatu zuten 2010eko abenduan, 2016. urtea baino lehen isuri gordinik ez egoteko helburuarekin. Hain zuzen ere, Deustuan ezarriko dute hiri hondakinen zati organikoa gaika biltzeko zerbitzua, bosgarren edukiontziaren sistemaren bitartez. Gaikako bilketa sistema esperientzia aitzindari moduan ezarriko dute, eta horren emaitzak aztertu ondoren, «pixkanaka», Bilboko eta Bizkaiko gainerako lekuetarako zabalduko dute. Gaikako bilketa sistema ezartzen dutenean, Bilboko Udalak edukiontzi marroiak jarriko ditu, eta borondatezko pertsonen errolda egingo du gaikako bilketarako «beharrezko prestakuntza» nahiz materialak emateko.
«Konpondutako» arazoa
Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatuak, berriz, adierazi du Zubietako errauste plantaren eraikuntzarekin Gipuzkoak «hondakinen arazoa hogei urtetarako konponduta» edukiko duela. Errauste plantaren kontra daudenei, berriz, galdetu die ea nor dagoen bere herrian zabortegi bat zabaltzeko prest.
Horrez gain, datorren astelehenean, hilaren 7an, hasiko dira Antzuolan (Gipuzkoa) atez ateko bilketarekin.
2016tik aitzin, 30.000 tona bideratu nahi dituzte urtero konposta egiteko Bizkaian
Konpostegia ireki dute Bilbon, herrialdean martxan jarri den lehenengo konpostatze planta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu