Lurra behatzeko Europako Batasunaren egitasmoa da Copernicus Klima Aldaketa Zerbitzua (C3S), eta iazko urteari dagokion txostena plazaratu du. Ondorioak ikusgarriak dira: 2019a inoiz erregistraturiko urterik beroena izan zen Europan. Gainera, inoizko hamabi urtetik beroenetako hamaika 2000. urtetik hona izan dira Europan.
Ikertzaileen arabera, hiru sasoitan neurtu dira normalean baino askoz tenperatura beroagoak, askotan markak hausteko modukoak: otsailean, ekainean eta uztailean. Ondorioztatu dutenez, epe luzeko datuek erakusten dute argi eta garbi berotzeko joera egon dela azken lau hamarkadetan. Horrez gain, klima aldaketa mendebaldeko eta hegoaldeko Europako euri patroiak aldatzen ari dela ondorioztatu dute, berotegi efektua eragiten duten gas kantitatea handitzen ari dela, eta Groenlandiako izotza inoiz baino gehiago urtu dela.
Europako Batzordearentzat egiten du txostena Copernicus zerbitzuak, hark erabakiak har ditzan datuetan oinarrituta.
2019ko bero oldeek lehorteak eragin zituzten Europa erdialdean, eta euriteak kontinenteko mendebaldean eta hegoaldean, hau da, besteak beste Euskal Herrian, urtearen amaieran. Edonola ere, urte osoko batez besteko euri kantitatea ez da asko aldatu. Beraz, ondorioztatu behar da euria pilatu egin dela epe laburragoetan, klimatologoek azken urteetan ohartarazi dutenez.
Euriaren anomalia, 2019ko urritik abendura, 1981-2010 urteen arteko epe berarekin parekatuta. C3S/KNMI.
Munduko datuei dagokienez, azken bost urteotako batez besteko tenperatura 1,1 gradu beroagoa izan da Aro Industrialaren aurreko mailekin parekatuta, eta ia bi gradu gehiago XIX. mendearen azken erdialdearekin erkatuta. Ikertzaileek gogoratu dutenez, Parisko Itunaren (2015) helburua tenperaturak bi gradu baino gehiago ez areagotzea da, eta 1,5 graduan geratzeko ahalegina egitea.
«Ezohiko urte bat ez da berotzeko joera bat, baina gure zerbitzuaren informazio zehatza izanda, gauza gara erretratu orokorra egiteko, klima nola aldatzen ari den hobeto aztertzeko", esan du Carlo Buontempo C3S zerbitzuko zuzendariak, txostena aurkeztean.
2019a izan da, beraz, urterik beroena, eta 2014, 2015 eta 2018 dira hurrengoak zerrendan. Gainera, 2019ko urtaro guztiak izan dira ohi baino beroagoak. Udarik beroena izan zen 1979. urtetik. Europako hainbat lekutan 3-4 gradu beroagoak izan ziren tenperaturak udan, eta markak hautsi ziren herrialde askotan, tartean Frantzia eta Alemania.
Lehorteak eragin egin zion landarediari, nahiz eta gero bere onera itzuli udazkenean. Kolpea jaso zuen gero, berriz, urte amaieran, orduan euriteengatik.
Europako artikoan airearen tenperatura batez beste baino ia gradu bat (0,9) beroagoa izan zen, lurraren eta uraren gainean. Uztail amaierako beroaldia Eskandinaviara heldu zen, eta eragina izan zuen Groenlandiako izotza inoiz ez bezala urtu zedin.
Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, karbono dioxido eta metano kontzentrazioak handitzen jarraitu dute atmosferan. «2019koak bezalako kontzentrazio handiak topatzeko, historian milioika urte egin behar da atzera», idatzi dute zientzialariek.
1983-2012 tartean baino hodeirik gabeko eguzki ordu gehiago izan dituzten guneak, 2019an. C3S/DWD/EUTMETSAT CM SAF
Hodeirik gabeko ordu kopurua ere asko handitu da. 1983. urtean hasi ziren hori neurtzen eta erregistratzen, eta inoizko daturik altuena eman du 2019. urteak —handienetan hurrengoa 2015a da—, erreferentzia tartearekin parekatuta (1983-2012). «Nabarmena da eguzki orduen kopurua azken 40 urteotan, kontinente osoan».