2045era bitartean Gipuzkoan sor daitekeen zaborraren eta gaikako bilketaren portzentajea kalkulatu ditu aldundiak. Emandako datuen arabera, batez beste %65 birziklatuko da datozen 30 urteetan, eta sortuko den errefus kopurua 163.449 tonakoa izango da. Biztanleriaren eta ekonomiaren bilakaera eta orain arteko gaikako bilketaren datuak hartu ditu kontuan datu horiek emateko, "zaborren sorrerari estu lotuta dauden faktoreak direlako".
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txostenak %23,5ean murrizten du 2008an PIGRUGek emandako datua. Xabier Garmendia txostenaren zuzendariak azaldu duenez, "krisi ekonomikoak eta biztanleriaren kontzientziazioak murriztu du kopurua". 2014an 169.675 tona errefus sortu zen, baina txostenean jasotako datuen arabera, 2030era bitartean datu horrek beherako joera izango du. Hala, aurreikuspenen arabera, hamabost urte barru 140.325 tona errefus sortuko dira Gipuzkoan, birziklatze tasa %70ekoa izanda. Birziklapen datuak %60koak izanda, ordea, kopurua 156.719 tonakoa izango dela kalkulatu du.
Data horretatik aurrera, eta "biztanleriak gora egingo duela kontuan hartuta", etorkizuneko errauste plantara bideratuko den errefus kopuruak ere gora egingo du. Txostenaren arabera, 2045ean birziklatze tasa %70ekoa bada, 155.171 tona errefus eramango dira plantara; eta birziklapena %60koa bada 173.929 tona. Errefus kantitate horiek tratatzeko bi lineako errauste planta egitea dauka aurreikusita Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ingurumen departamentuak zabaldutako dokumentuan jasotzen denez, labe bakoitzak, 100.000 tona errefus erretzeko ahalmena izango du, beraz, guztira, 200.000 tona errefus erre ahalko ditu. Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak esan du, ezaugarri hauek aurreikuspenak direla: "Orain hasiko gara ezaugarriak zehazten, behin beharrezko datuak eskuan ditugula".
Aldundiaren helburua errauste planta udaberrian lizitatzea eta lanak udan esleitzea da, "legealdi amaieran erraustegia martxan egon dadin".