Eusko Jaurlaritza lanean ari da Euskadiko Energia Estrategia 2020 gaurkotzeko, araudi berrietara egokitu eta Parisen hartutako erabakiak txertatzeko. Estrategiaren zirriborroa urtea amaitu baino lehen egongo da ikusgai, eragileek zein herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak iragarri du 2.790 milioi euroren inbertsioak beharko direla 2025era arte zehaztutako helburuak gauzatzeko. Ordea, sailburuak argitu du kopuru horren barruan ez dagoela sartuta energiaren arloko teknologiak garatzeko ikerketarako inbertsioa.
Jaurlaritzak abiaraziko duen estrategiak zortzi jarduera eremu ditu: industriaren energia lehiakortasuna hobetzea eta petrolioaren mendekotasuna murriztea, kasurako. Azken kasu horretan, "trantsizioa" egiteko gasaren aldeko apustua berretsi du Tapiak.
Horiez gain, eraikinen energia kontsumoa murrizteko lan ildoak abiaraziko dituztela jakinarazi du Tapiak. Eusko Jaurlaritzak berak bere ardurapean dauden 803 eraikinetan hori egingo duela iragarri du. 90 milioi euroren inbertsioa eginda energia kontsumoan 200 milioi aurreztea aurreikusi du sailburuak.
Azkenik, urtea amaitu aurretik Euskadiko Energia Jasangarritasunerako Legearen aurre-proiektua ezagutaraziko du Eusko Jaurlaritzak. Lege horrek hiru foru aldundiengan zein udalengan eragingo du.