Txostenean, euskal agenda bat finkatu eta proposatzen dute, Euskal Herriaren burujabetza prozesua garatzeko "eragile sozial, politiko eta sindikalekin eta herritarrekin konpartituta".
Sorturen aburuz, gaur egun, euskal herritarrek eta gizarteak dituzten behar sozialei eta kulturalei erantzuteko eta bizi baldintza duinak bermatzeko, tresna burujabeak eskuratu behar dira, "politika publiko guztietan erabakitzeko ahalmena euskal herritarrei emango dietenak". Nabarmendu, halaber, burujabetza prozesu baten premia dagoela horretarako, eta Euskal Errepublika bat behar dela.
Sortuk azaldu du "behetik gorakoa eta erabat demokratikoa" izan behar duela burujabetza prozesuak. Horretarako, bi agenda proposatzen ditu: "Batetik, Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartzen duen herri agenda bat, eta, bestetik, egungo errealitate juridiko-administratiboa kontuan hartuko duen hiru lurraldeen agenda bat".
Fase politiko honetarako Sorturen zereginei dagokienez, "herritarren gehiengoaren babesarekin egingo den prozesu independentista garatu eta Estatu espainiarrarekiko konfrontazio demokratikorako baldintzak sortu" behar dira. Horretarako, EH Bildun eta EH Bain lan egitearekin batera, "herritarren gehiengoaren interesen alde egiten duten dinamika sozialak bultzatzeko konpromisoa" hartzen du, horietan lan eginez.
Birfundazio Kongresuaren erronka nagusietako bat zera da, "helburu horiek erdiesteko antolaketa eredu berritzaile eta eraginkorra finkatzea eta militantzia kultura berri baterako oinarriak jartzea". Horren haritik, Sortuk "alderdi-mugimendu" gisa definitzen du bere burua, "alderdiaren egiturak eta mugimenduaren malgutasuna" konbinatzen dituena.