Nafarroako Gobernuak osasun arloan ezarri dituen murrizketen ondorioak iritsi dira Josefina Arregui Altsasuko zentro psikogeriatrikora ere. Nafarroako Gobernuak itun bat du sinatua ospitale geriatriko horrekin, 21 oheren kostuak finantzatzeko; 2011ko defizitari aurre egiteko, baina, gobernuak sei oheren kostuak bakarrik ordaintzea erabaki du. Urriaren 31n indarrean sartuko da erabakia.
Josefina Arregui zentroko langileek ohartarazi dute ospitale geriatrikoak horrela ez duela bideragarritasunik. Maria Luisa Corres zentroko langile eta ELAko ordezkariak salatu du zentroari bideragarritasun guztia ukatu diola gobernuak murrizketa horrekin. Eta ohartarazi du arazoa aurrez konpontzen ez bada urriaren 31n zentroa utzi beharko dutela hamabost gaixok, sei lagunentzat bakarrik izango baitu lekua ordutik aurrera.
Ohe gutxiago finantzatuko ditu gobernuak, eta buruko osasun arazo primarioak dituzten gaixoak bakarrik hartuko ditu psikogeriatrikoak aurrerantzean, gobernuaren erabakiz.
Zentroko langileak ez daude eroso erabaki horiekin; 55 langilek bertan lan egiten dutenez, lanpostuekin ere kezka agertu dute, eta instituzio publikoei «dei etsia» egin diete, zentroaren etorkizuna bermatzen lagun dezaten.
«Desagertzera kondenatu»
Maria Luisa Corres eta Arantza Salegi langile batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, alzheimerra eta dementzien gisako eritasunak artatzeko lanean «aitzindaria» da Altsasuko zentro psikogeriatrikoa. Gobernuaren murrizketek, ordea, zentroa «desagertzera kondenatu» egingo dutela salatu dute langileen ordezkariek.
Gobernuaren beste erantzunik jaso ez dutenez oraingoz, protestak egiten hastea erabaki dute zentro psikogeriatrikoko langileek. Datorren ostegunean Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean elkarretaratze bat egingo dute, 11:00etan. Murrizketa ezartzeko hiru aste eskas gelditzen direnez, babesa eskatu diete herritarrei ere, protestetan eta Interneteko sare sozialetan.
21etik 15 ohe galduko ditu Altsasuko zentro psikogeriatrikoak
Langileek protestak hasiko dituzte etzi, zentroa desagertzeko eta lanpostuak galtzeko arriskua sumatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu