Nazioarteko publizitate agentzia garrantzitsuak Bilbon izango dira aste honetan, 30. El Sol jaialdian. Horien artean bi baino ez dira Euskal Herrikoak: Gipuzkoako Dimension eta Arabako Wiko. Bizkaiko sortzaile gazte batzuek ere parte hartuko dute jaialdian. Guztira 2.303 pieza eta kanpainek eman dute izena jaialdian —larunbatean jakingo dira irabazleak—. Agentzien kopurua %11 hazi da, iazko edizioarekin alderatuz.
Egunotan hainbat hitzaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan, "marken sendotasuna" oinarrizko gaia hartuta. Euskalduna jauregian, gainera, erakusketa bat jarriko dute, aldizkari egunkari eta marketineko piezekin. Hamarkadako iragarletzat Coca-Cola edaria jo dute, eta marka horren erakusketa bat ere izango da ikusgai.
Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren nondik norakoak iOS eta Androiderako prestatutako aplikazio baten bidez jarraitu ahalko dira —doakoa da—.