Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta UPNk Gipuzkoako Diputazioak proposatutako 25 euroko kuotaren proposamena gaitzetsi dute. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, "literalki, herritarrak itotzen ari da" Gipuzkoako Diputazioa, "dirua biltzeko duen gogo biziaren ondorioz". Erkorekaren iritziz, EH Bilduk "astez aste, bere gain hartzen ditu erabakiak, zenbait zerga familia gipuzkoarren bizkar gainean jarriz, eta, orain, baita Gipuzkoaren mugakide diren lurraldeetako familiengan ere".
Javier de Andres Arabako Diputazioko ahaldun nagusiak, berriz, esan du ez duela onartuko arabarrak "diskriminatzen" dituen inolako neurririk. Ildo horretan, Gipuzkoaren proposamena Alicia Ruiz de Infante Arabako obra publikoen diputatuak aztertu zain dago: "Diskriminaziozkoa iruditzen bazaigu, Gipuzkoako Diputazioarekin elkartuko gara". Gipuzkoako Diputazioak egindakoa errespetatzen duela adierazi du De Andresek, baina adierazi du administrazio bakoitzak "oinarrizko irizpide batzuk" jarraitu behar lituzkeela, "era horretara jarduten duenean".
UPNk, berriz, bidesariaren gaiarekin "EH Bilduk agintzeko duen modu alderdikoia" agerian uzten duela uste du. Nafarrei ere eragiten dien neurrian, nafarrekin adostutako erabakia" behar luke izan. EH Bilduren jarrera gaitzetsi du UPNk, "guztiagatik ordaintzeko" duen jokabideagatik: "Zergak igotzeaz gain, Bilduren asmoa herritarrek guztiagatik ordaintzea da, eta hori ez da ulergarria gaur egun, hain justu, krisi ekonomiko latza dugunean".