Indarkeria sexista

25 urteko gizon bat espetxeratu dute Baionan, bortxaketaz akusaturik

Uztailaren 30ean bi gizonek 30 urte inguruko emakume bat bortxatu zutela azaldu du Baionako auzitegiak. Gasteizen, 54 urteko gizon bat atxilotu dute genero indarkeria egotzita. Portugaleten, emakume bat bahitzen saiatu dira. Eta Donostian, sexu eraso bat salatu dute.

mikel p ansa
2014ko abuztuaren 11
15:04
Entzun

Poliziek ostiralean atxilotu zuten erasotzaileak, eta biktimak identifikatu egin duela jakin da. Igandean epailearen aurrean deklaratu zuen akusatuak. Prokuradoreak espetxeratzea galdegin, eta onartu egin zuen epaileak. Salaketaren arabera, beste gizon batek ere bortxatu zuen andrea; haren bila jarraitzen dute poliziek.

Bestalde, Gasteizko udaltzainek 54 urteko gizon bat atxilotu zuten igande goizaldean, Gasteizen. Bikotekide duen emakumea jotzen ari zela ikusi zuten, Florida kalean. Bertaratu eta emakumeak kolpeak zituela ikusi zuten udaltzainek. Bikoteak berak aitortu zien gizonak emakumea jo ohi zuela. Bertan atxilotu zuten gizona.

Bahiketa ahalegin bat Portugaleten

Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu dira larunbat iluntzean Portugaleten, Bizkaian, andre bat bahitzen saiatu ziren bi gizonak. Haietako baten bikotekide izandako emakumearen bila joan ziren larunbatean.
Emakume hori andrazko lagun baten etxean zen. Bi gizonak etxera sartu, eta iskanbila handia sortu zen. Bizilagun batek abisatu zituen ertzainak, builak adituta.

Ertzainak bertaratu zirenean, gizonetako bat aurkitu zuten emakumeetako bati lepotik heltzen, etxeko atarian, kalerako bidean. Emakumea bahitu nahi zutela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Ertzainei ere oldartu zitzaizkien gizonak, eta biak atxilotuta eraman zituzten. Genero indarkeriako delitua egotzi diete, baina baita bahiketa, erasoak, poliziei eraso egitea eta Ertzaintzaren ibilgailuei kalteak egitea ere.

Akusatuak epailearen aurrera eraman zituzten igandean. Genero indarkeria kasuetan ohi denez —kasu larrienetan edo hilketetan izan ezik—, epaileak aske utzi zituen, deklarazioa hartu ondotik.

Bahiketa saio hori salatu dute gaur Portugaleten, 20:00etan, udaletxearen aurrean. Elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek.

Sexu erasoa Donostian

Igande goizaldean, berriz, sexu eraso bat gertatu zen Donostian. Amara Berri auzoan, etxera sartzera zihoan emakume bati gizon batek heldu zion, ahoa estali, eta ukituak egiten hasi zitzaion. Emakumea, askatzea lortu, eta oihuka hasi zen. Erasotzaileak ihes egin zuen.

Mugimendu feministak eta Donostiako Piratek igande arratsaldean bertan salatu duten erasoa. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak parte hartu zuten elkarretaratzean, besteak beste. Izagirrek nabarmendu zuen sexu jazarpen guztiak salatu behar direla. "Jazarpen eta jarrera sexista guztiak dira onartezinak. Ezin dugu erasorik txikiena ere onartu". Bilgune Feministak, berriz, "jaiez gozatzeko eskubidea" aldarrikatu zuen, eta nork bere burua defenditzeko beharra dagoela azaldu, "inoren zain egon gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.