Galduta bezala atera da, eta negar malkotan lehertu da hurrena. Eutsi egin diote guztien artean. Babestu guztien artean. Horretara joan dira Galiziaraino, Auzitegi Nazionalak zer erabakiko zuen jakin gabe ere: Ines del Rio babestera. 26 urte egin ditu espetxean, eta bitxia iruditzen zaio dena. Kamerak, telefonoekin argazkiak egitea, ezagutzen dituenak eta ez dituenak. Autoak eta abiadura. Libre da, aske gelditu da, eta denbora behar du orain. Egoerari neurria hartzeko, eta askatasunera egokitzeko. 26 urteko espetxe zigorra bete du, eta "legez kanpo" izan dute preso 1.937 egun.
Guztien artean helduta, ikurrin baten babesean sartu da Ines del Rio autoan (16:35). Abokatuen autoan sartu da, eta lagunak eta senitartekoak doaz beste bietan. Kazetari, kamerari, argazkilari eta oihuka ari diren hiru gizon gorbatadunen artean aurrera eginda hasi dute 26 urtez ikusi eta zapaldu ez duen Euskal Herrirako bidea. Behin 20 edo 30 kilometro eginda, gelditzea da asmoa, baina Guardia Zibilaren eskolta ari da batean autoak aurreratu, bestean autoen artean atzera egiten. Autokoen babeserako ote den edo autokoei presioa egiteko ote den da zalantza —argazkiak atera dituzte euren autotik—. Eta aurrera egitea erabaki dute horregatik. Aurrera, atzekoak atzera uzteko.
Astorga parean jada ez dago eskoltaren berririk. Abokatuen autoak abiada hartu du, eta Benaventen egin du geldialdia. Autoz aldatu dute Del Rio, abokatuak Madrilera doazelako —epaiketak dituzte gaur eta bihar—. Leonen da hurrengo geldialdia; hiru bat minutu iraun du, baina esanguratsua izan da oso.
Kristina del Riok, Inesen ahizpak, ez du nahi izan espetxera agertu. "Gogorregia" izango zelakoan nahiago izan du kanpoan zain egon, beste auto batean, baina, lehenengo geldialdi hori luzatu egin denez, ezin izan da ahizparekin aurretik egon. Leon parean, erdi ilunpean izan dute bi ahizpek aukera lehen besarkada emateko elkarri, eta Tafallatik joandako aspaldiko lagunak agurtzeko. Ines hobeto dago orain, baina galduta antzean oraindik. Denbora beharko du, eta Euskal Herrian zain du hurkoen epela eta beroa. Auto berean doaz orain bi ahizpak.
Badute zer esan eta zer kontatu, nahiz eta bezperan izan duten elkarrekin hitz egiteko aukera. Kristinak urduri ikusi du ahizpa, oso urduri, eta horregatik erabaki du espetxera ez agertzea. Gero egotea harekin. Galiziarako bidean kontatu du hori. Goizaldean hasi den bidaia horretan. Kezkaz eta galderaz betetako horretan. Ez zekielako inork Auzitegi Nazionalak zer erabaki hartuko zuen, ezta noiz hartuko zuen ere. Ez zekielako inork zer topatuko zuten espetxean, ezta nor ere. Eta horren ingurukoak izan dira elkarrizketak. Izenik aipatu eta aitorpenik egin gabe, baina ultraeskuindarrek zerbait antolatuko zuten beldurrez joan da bidaian jendea bakarrizketan. Eta ez du bideak asko lagundu, eta are gutxiago eguraldiak. Euria eta iluntasuna, zalantzak eta urduria bidelagun.
Kontrolen beldur
Gasteiz inguruan izan da aurreneko geldialdia. Kafea bai, eta Guardia Zibila ere bai. Hurbildu baino ez, kafetegi berera eta barra berera. Arazorik ez, baina lehen abisua edo. Bigarrena, kanpoaldean, kaleko jantzita, auto barruan daude, eta telefonoz ari dira hizketan. Jakinaren gainean denok. Jende gehiago ere ari da Galiziara bidaiatzen.
Apustuak. Zein kontroletan geldituko dute Ines del Rioren babes taldea: Burgosko ordainlekuan, edo Astorgakoan? Ez batean eta ez bestean. Inon ez. Eguraldi txarra, euri jasa, baina errepidea garbi. Astorgara iristerako 05:30ak, eta geldialdia. Telefono deia igandetik Galiziara joandako tafallarrei. Iristear daudela Iruñetik abiatutakoak. Espetxetik hamar bat minutura dagoen gune batean elkartzea da asmoa, eta ez zuzenean espetxera joatea. Hori zen asmoa, eta hori egin da.
Itxaronaldia luzea izan da. 09:45 dira, eta ez dago Auzitegi Nazionaleko berririk. Jaione Karrera abokatua dago Madrilen, eta Amaia Izkorekin dago harremanetan. Iruñetik beranduago iritsi da hura Galiziara. ETB2ko saio batean izan da goizaldera arte, eta Ainhoa Bagliettorekin egin du bidea presaka. Iruñetik joandako guztiak eta lehendik Lugon zeudenak elkarrekin daude jada. 11:00 iristear, eta Madrildik dator albistea: auzitegiak atseden hartzea erabaki duela eta litekeena dela erabakia luzatzea, ez izatea berehalakoa... Eta horretan ari direla iritsi zaio BERRIAko kazetariari BERRIAtik deia: baiezkoa dela erabakia, aske utziko dutela, aho batez ebatzi dutela.
Espetxea hurbil dago, baina inork ez daki inguruak nola dauden. Lagun bat joan da aurretik. Guardia Zibil mordoa dagoela dio, eta komunikabide asko daudela atarian. Autoetan nor joan eta Ines del Rio norekin sartu pentsatuta dago. Irteera ordena ere bai. Aparkalekura denak zuzenean, batere arazorik gabe.
Sarreran zain. Amaia Izkok abiatu ditu tramite guztiak. Hura jarri da harremanetan espetxeko agintariekin, eta hark egin ditu eskaerak. Kanpora dator. Zain egotea tokatzen da. Lasai daude denak, itxuraz. Idazkari judizial bat iritsi da, eta sortu da zalaparta apur bat, baina ez da Ines del Riori buruz erabaki behar duena. Lasaitasuna berriro.
Zurrumurruak ari dira zabaltzen sare sozialetan. Espetxeak berak hartu behar duela erabakia, ezetz auzitegiari dagokiola, ez dela gaur izango, ez dela autorik iritsi... Izkoren azalpenek lasaitu dituzte animoak eta uxatu dituzte zalantzak. Autoa iritsi dela, egin beharrekoak ongi eginda daudela eta zain gelditzea beste erremediorik ez dagoela.
Ez dira minutu asko zain daramatzatenak, baina luze egiten da. Luze egin delako bidaia, eta luze bidean pasatako tentsioa eta nekea. Ahizpak bezperan harekin izandako elkarrizketak, gainera, ez du inor lasaitu. Ez daki inork ze aldartetan irtengo den, albistearen berririk baduenik ere, eta albisteak duen dimentsioaz jabetzen denik ere. Eta ondorenaz, eta izango duen segimenduaz, eta presioez, eta...
Bisiten ordua da Teixeiroko espetxean, eta jende asko dabil aurrera eta atzera sarreran. Preso arrunten senitartekoak dira gehienak. Funtzionarioak, guardia zibilak, guztiak dabiltza nahasian; badago mugimendua, baina ez dago mugimendurik. Kanpoaldetik ikus daitezke guztiak, eta kanpoaldetik ikus daitekeen pasabidean barrena ikusi du norbaitek Ines del Rio bera ere. "Badator", esan du. "Badator, badator", errepikatu du guztiek ongi entzuteko moduan. Eta badator, eta iritsi da. Begirada galduta bezala, beldurrak, aireak eta askatasunak uzkurtuta bezala, izututa bezala. Malkotan lehertu da bera, lehertu da tentsioa, eta lehertu zirrara.
Autora handik. Korrika ez, eta presaka ere ez, ez dagoelako zertan, aske dagoelako, eta legez aske, eta badelako gozatzeko garaia ere, hunkitzekoa eta elkar besarkatzekoa. Ikurrin bat atera du norbaitek, eskua luzatu dio beste batek, bizkarretik heldu dio hurrengoak. Guztien babesean egin du aurrera Ines del Riok. Eta, bat-batean, atertu egin du.