2.600 lanpostu adjudikatzeko prozesua hasi du gaur Osakidetzak, EAEko osasun zerbitzu publikoak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak 2011ko lan eskaintza publikoaren oinarriak argitaratu ditu gaur bertan, eta, azken urteetako eskaintza publikoekin alderatuta, funtsezko aldaketa batzuk izango ditu. Azterketa eredua aldatu egin du Osasun Sailak, euskara jakitea «erabakigarria» gerta ez dadin, Rafael Bengoa Osasun sailburuak aitortu duenez.
«Euskarak inolako garrantzirik ez zuen garaira itzultzea nahi dute zenbaitzuek, eta beste zenbaitzuek garrantzia eman nahi diote, baina neurriz gainekoa». Hitz horiekin laburtu zuen aldaketaren helburua, lan eskaintza publikoaren berri emateko atzo egindako agerraldian. Euskara jakiteagatik balorazioa aldatuko ez den arren —puntu guztien %9,1 izaten jarraituko du—, azterketa eredua aldatuko dute hizkuntz gaitasuna erabakigarria gerta ez dadin.
Galdetegi itxi batean oinarritutako azterketa egin izan ohi da azken urteetan. Horren ondorioz, alde txikia sortzen zen hautagaien artean etsaminaren ostean, eta egoera horretan euskara jakitea erabakigarria gertatzen zela azaldu du Bengoak. 2008ko erizaintzako 300 postu betetzeko lan eskaintzako azterketan, esate baterako, 3.000 pertsonak baino gehiagok lortu zuten gehienezko nota. Orain, eredu berriarekin, horrelakoak saihestu nahi dituzte.
Eta, hain justu horregatik, aurrez zehaztutako galderetan oinarritu beharrean, gai zerrenda batean oinarrituko dute etsamina, aurrez zehaztu ez dituzten test moduko galderekin. Horri esker hautagaien artean alde handiagoak egotea espero du Osasun Sailak, eta, horrenbestez, euskara jakiteagatik emandako puntuak hain «erabakigarriak» ez izatea. «Zerbitzuaren kalitatean eragin gabe, Espainiako pertsonei parte hartzeko aukera eman nahi diegu», azaldu du. Eredu berria2002. urtera arte erabili zena dela gogora ekarri du Julian Perez Gil-ek, Osakidetzako zuzendari nagusiak. «Eskarmentua, ezagutza eta prestakuntza lehenetsiko ditu azterketa eredu berriak». Bide batez, atzean lagako duten azterketa eredua «munduan beste inon» ez dagoela gaineratu du.
320 plaza berri
Lan eskaintza publikoan adjudikatu diren 2.600 plazetatik 2.280 azken sei urteetan behin-behinean beteta egon diren postuakizango dira, eta 320 postu berri eskainiko dira. Eskaintza horrek Espainia, Galizia eta Kataluniako profesionalak erakarriko dituela uste du Perezek, eta Osasun Sailak espero du guztira ehun mila pertsonak ematea izena.
Lan eskaintza publikoaren oinarriak gaur argitaratu ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta bihar bertan lehen lanpostuetarako deialdien berri egingo du Jaurlaritzak euskarri horren bitartez. Lehen arretako pediatriarako 61 plaza, ginekologiako 23 plaza eta erradio-diagnosirako 26 plazak betetzeko hautaprobetara aurkezteko eskakizunak emango dituzte bertan. Izena emateko epea irailaren 12ra arte egongo da zabalik, eta urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran hiru deialdi horien azterketak izango direla aurreratu dute.
Lehen arretako pediatriako deiaren garrantzia nabarmendu du Perezek, horren bitartez zenbait eskualdetan dagoen profesional falta beteko delako. Orain arte lehen arretako sendagileek bete izan dituzte postu horiek; ordea, 61 lanpostuak adjudikatu ostean, plaza guztiak profesionalek beteko dituztela aurreratu du. Irailean familiako sendagileen deialdia argitaratuko du Osasun Sailak, eta horko azterketak abenduan egitea aurreikusi dute. Erizaintza, erizaintza laguntzailea, administrari laguntzailea eta jagole postuen deialdia 2011ko abenduan argitaratuko dute, eta azterketak 2012ko martxoan izango dira. Medikuntzako gainontzeko espezialitateen deialdiak irailetik aurrera jakinaraziko dituzte.
2.600 postutarako LEPa hasi du Osakidetzak, eta euskarak garrantzi gutxiago izango du
Azterketa eredua aldatuta, hizkuntz gaitasuna ez da aurreko deialdietan bezain erabakigarria izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu