Ia hamarretik hiru herritarrek eman dute botoa Debagoienean eta Aramaion, Erain Debagoienak antolatutako galdeketetan. "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?" galderari erantzun diote guztiek. Hautesleen %29,35ek eman dute botoa eskualdeko bederatzi herrietan; hau da, 16.007 lagunek. Horietatik 1.510 herritarrek euskal estatu independentearen aldeko hautua egin dute (%94,89). Herri guztietan nagusitu da baiezkoaren aldeko jarrera. Eskoriatzan jaso du babesik txikiena euskal estatu independente baten aldeko hautuak: %89,82koa; handiena, berriz, Elgetan: %97,97koa.
Herriz herri, honakoak izan dira parte hartze datuak: Arrasaten, %23,51koa; Bergaran, %29,47koa; Oñatin, %35,64koa; Aretxabaletan, %29,32koa; Eskoriatzan, %26,51koa; Antzuolan, %40,76koa; Aramaion, %51,40koa; Elgetan, %36,86koa; eta Leintz Gatzagan, %52,71koa.
Bederatzi herri, bederatzi etxafuego
Goizean goiz ireki dituzte hautetsontziak Debagoienean, 9:00etan. Bederatzi etxafuegorekin eman diote hasiera egunari eskualdeko bederatzi herrietan, Denera, 33 leku egon dira boztatzeko eskualdeko bederatzi herrietan banatuta: bederatzi Arrasaten, sei Bergaran, hiru Oñatin, bana Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Elgetan eta Leintz Gatzagan, eta hamar Aramaion.
Arrasaten egin dute irekiera ekitaldia, eskualdeko hainbat pertsona ezagunen laguntzarekin. Haien artean ziren, besteak beste, Jon Sarasua irakasle eta bertsolaria, Xabi Igoa bertsolaria, Aitor Mendizabal pilotaria eta Ainhoa Vitoria irrati esataria. "Lan gehien dakarrena, taburik handienak gainditzeko beharra sortzen duena, hautetsontziak plazara ateratzea, herritarren eskura jartzea da", esan du Lierni Olemedo Erain Debagoieneko kideak. Haren ondoan izan dira gaur kontsultak antolatu dituzten gainerako herrietako ordezkariek ere: Azpeitikoak, Goierrikoak eta Ispasterkoak.
650 lagun inguru aritu dira lanean egun osoan zehar, bolondres, eta giro alaian egin dira bozketak. Jende ezaguna ere ikusi da bozkalekuetan: Bergaran, esaterako, Jose Luis Elkoro alkate ohiak eta Elena Lete gaur egungo alkateak eman dute botoa.
Ez da giroa alaitzeko ekitaldirik falta izan: Eskoriatzan, esaterako, bertsolariak aritu dira kantuan, eta Gure Esku Dago-ren kantua ere dantzatu dute plazan.