Iruñetik Orreagara , Orreagatik Donibane-Garazira, eta Garazitik Okzitaniara Pirinioez gaindi egin nahi duten errepideak kezka eta protesta ugari eragin ditu, ingurumenean eta nekazari lurretan eragingo dituen kalteengatik.
Errepide handia, noranzko bakoitzean bi bide izango dituen autobide zabala, egitea zen orain arteko egitasmoa. Orain, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak atzera egin du zertxobait, eta hasierakoa baino proiektu murritzagoa dutela agertu du gaur Jean Jacques Lasserre presidenteak: noranzko bakoitzean bi bideren ordez bakarra egingo dute —leku zehatz batzuetan noranzko batean izango dira bi bide, baina inola ere hasierako proiektuaren handitasuna iritsi gabe—. Hau da, 2x1ean utziko dute hasierako 2x2 proiektua.
Erabaki horren bidez "adostasuna" bildu nahi izan dutela nabarmendu du Lasserrek: auzapez eta hautetsiekin bilkurak egin dituela, eta sintesi bat egin ondoren, adostasunaren printzipioa erabili nahi izan duela, eta horregatik hartu dutela hasierako egitasmoa murrizteko erabakia.
Leia elkartea izan da orain arte errepide proiektuaren aurkako jarreraren dinamizatzailea. Gaur arratsaldean egingo du batzarra elkarte horren, eta ondoren emango dute Lasserren iragarpenari buruzko iritzia.
Pirinioez gaindiko errepidea
2x2 errepidea lau bidetatik bira murriztea erabaki du Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak
Iruñea eta Ortese (Okzitainia) batuko duen Pirinioez gaindiko errepidea hasieran aurreikusitakoa baino xumeagoa izango da: noranzko bakoitzean bi bideren ordez bat izango du; hau da, ez da 2x2 izango, baizik eta 2x1. Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteak eman du erabaki horren berri, eta murrizketaren bidez adostasuna bildu nahi duela agertu du. Errepide proiektuaren aurka borrokatzen den Leia elkarteak arratsaldean emango du erabakiari buruzko iritzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu