AURREMATRIKULAZIOA NAFARROAN

3 urtekoen artean matrikulazioak behera egin arren, D eredua igo da

83.500 ikasle inguruk hasiko dute 2003-2004 ikasturte berria, datorren astelehenetik aurrera

edurne elizondo
IRUÑEA
2003ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aurtengo aurrematrikulazioari buruz plazaratutako datuen arabera, D eredua da 3 urteko haurren artean gehien igo dena. Oro har, matrikulazio kopuruak behera egin du adin horretako umeen artean, ez, ordea, D ereduan. Aurten lau urte dituzten ikasleen matrikulazioari dagokionez, 3.319 ikasle dira sare publikoan, eta 2.028 zentro kontzertatuetan. Iaz Haur Hezkuntzan hasitako ikasleak dira horiek. Aurten hasiko direnen kopuruari erreparatuz gero, behera egin du: 3.197 ikastetxe publikoetan, eta 1.984 kontzertatuetan. D eredua da goranzko joera izan duen bakarra, ikastetxe publiko eta kontzertatuetako kopuruetan.

Ohi bezala, Nafarroako Gobernuak plazaratutako datuetan ez dira zenbatu Tutera, Irunberri, Viana eta Lodosako ikastoletan izena eman duten ikasle berriak, ikastetxe horiek ez baititu «ofizialtzat» jotzen. Zentro horiek gabe, D ereduko matrikulazioa puntu bat igo da 3 urtekoetan. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari berri Luis Campoyk aurkeztu zituen aurrematrikulazioari buruzko datuok, atzo,hedabideen aurrean egindako agerraldian. «Derrigorrezko hezkuntzaren garrantzia» azpimarratu zuen kontseilariak, eta Nafarroan 2003-2004 ikasturtean 83.500 ikasle ariko direla gaineratu zuen. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle gehienek astelehenean hasiko dute ikasturte berria; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, berriz, hilaren 15ean.

Kalitatearen Legea

Campoyk nabarmendu zuen, bestalde, aurten indarrean jarriko dela Espainiako Gobernuak onartu duen Irakaskuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoa, eta «lege hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ezartzeko egutegia zorrozki» beteko dutela azpimarratu zuen.

Lege berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eraginen dituen aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza zuzendari nagusi Fermin Villanuevak azaldu zuen «lan handia» egin beharko dela beharrezko egokitzapenak gauzatzeko. «Hizpide berriak jarriko dira indarrean. Bi ikasgai eduki ahal izanen dituzte ikasleek, gehienez, gainditu gabe hurrengo ikasturtera igaro ahal izateko. Gainditu gabeko ikasgaiak matematikak eta hizkuntza badira, ezin izanen dute ikasturtea gainditu. Aldaketak badira, eta alde guztiek aldaketa horien berri izan dezaten lan egin beharko dugu», azaldu zuen.

Beste hainbat arazori ere egin behar dio aurre Nafarroako Gobernuak ikasturte berria hasi aurretik. Luis Campoy kontseilariak azaldu zuenez, Lizarrako eta Azkoiengo ikasleen garraioaren gaia «konpontzeke» dago oraindik, bai eta Iruñeko hainbat ikaslerena ere. Gobernuak eta enpresek oraindik ez dute zehaztu zerbitzuaren prezioa. Egoerari irtenbidea emateko, «baliabide guztiak» baliatzeko prest agertu zen Hezkuntza kontseilaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.