Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

«30 urtean funtzionatu duen eredua» berreskuratu nahi du EAJk

Iñigo Urkulluk datozen lau urteetarako proiektua aurkeztu du Euskaldunan; «hemendik aterako gara», hitzeman duJarrera lasaiaz azaldu da lehendakarigaia, konfiantza transmititu nahian bezala

Iñigo Urkullu, atzo, Euskalduna jauregiko ekitaldian. LUI JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Konfiantza transmititu nahi izan du Iñigo Urkulluk bere proiektua aurkezteko orduan. Behin eta berriz esan du egoera zaila dela eta ez dela erraza izango krisiari buelta ematen, baina EAJk hori lortuko duela azpimarratu du behin eta berriz. Hitza eman du. «Euskadin sinesten dut. Gure gaitasunean sinesten dut. Batera egin dezakegu». Ezer berririk asmatu beharrik ez dago horretarako, EAJren lehendakarigaiaren iritzian: «30 urtean funtzionatu duen eredu propioa daukagu. Gure bermea izan da. Funtzionatzen badu, errekupera dezagun, eta hobetu».

Kanpaina hasi ez bada ere, kanpaina bete-beteko ekitaldia egin zuen atzo EAJk Bilboko Euskalduna jauregian. Ekitaldia egin zuten gela goraino bete zuten, eta oinez sartu zen lehendakarigaia, publikoaren txalo artean. Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa, Joseba Egibar GBBko burua eta Andoni Ortuzar BBBkoa alboan zituen, esate baterako. Begoña Errazti EAko presidentea izandakoa ere han zen.

Haien aurrean berotasun handirik gabe mintzatu zen Urkullu, egin nahi duenarekin konfiantza osoa duenaren antzera. Konbentzimendua eta lasaitasuna transmititu nahian. «Ez da erraza izango, baina posible da; hitzematen dizuet». Behin eta berriz esan zituen gisa horretako esaldiak. «Lehen ere atera ginen, eta orain ere aterako gara». Zintzotasuna erakusteko saioa ere egin zuen: «Batzuek diote ezkutuko planak ditugula, baina hori gezurra da».

Hiru lehentasun

Proiektu berria egiteko orduan 3.500 lagunek parte hartu dutela azaldu zuen, eta607 eginkizun zehaztu dituztela. Guztiak betetzeko konpromisoa azaldu zuen.

Haiek denak azaltzen hasi ez bazen ere, guztiak hiru lehentasunetan biltzen direla azaldu zuen. Lana sortzeko ekonomia berpiztea da lehentasun bat. Hezkuntza, osasuna eta zerbitzu sozialak defendatzea eta hedatzea bestea, «posible delako», eta «Euskadiren nortasun ekonomiko eta soziala mundura zabaltzea» hirugarrena. Egin nahi dutena «Euskadi eredua» dela argitu zuen, eta hori «EAJ eredua» erabiliz egin nahi dutela, hau da, «zorroztasunez, seriotasunez, arduraz eta gardentasunez».

Krisi garaietan «lana galtzeko eta hilaren amaierara ez iristeko beldurrez dauden familiek» egiten dutena instituzioetara eraman behar dela uste du Urkulluk, alegia gerrikoa estutu behar dela, lehentasunak jarri behar direla eta ezin dela dagoena baino gehiago gastatu. Hala, zer dagoen ondo eta zer ez jakiteko, gobernura iristen bada auditoria bat egingo dutela hitzeman du.

Autogobernuaz eta bakegintzaz ez zuen askorik hitz egin Urkulluk. Batetik, esan zuen «Euskadi Europan nazio izateko» akordio handi bat beharrezkoa dela. «Europako nazioa bakean» izan behar zuela gaineratu zuen, eta horretarako lanean ari direla azpimarratu; «pedalei eragiten jarraitu behar dutenekin» ari direla, «diskrezioz». Hori egin behar dela uste du Urkulluk, «iragana gainditzeko. Ez ahazteko, baizik eta gainditzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.