Politika

300 bat eragilek parte hartuko dute ezker abertzalearen alderdi berriaren aurkezpenean

Astelehen goizean emango dute estatutuen berri, Bilboko Euskalduna Jauregian. Besteak bestea, EAJ, Aralar, EA eta Alternatibako ordezkariak izango dira. Hamaikabatek uko egin dio joateari, ez dela "Batasuna legeztatzeare alde manifestatzeko" garaia iritzita. Alderdi berria "bakea lortzeko bide egokia" dela nabarmendu du Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak.

2011ko otsailaren 5a
17:19
Entzun
Ikusmin handia ari da sortzen ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuen aurkezpen ekitaldia. Politika zein gizarte arloko 300 bat eragilek baieztatu dute astelehen goizean aurkezpenean izango direla, Bilboko Euskalduna Jauregian. Eragile politikoen artean, besteak beste, EAJk, Aralarrek, EAk eta Alternatibak baieztatu dute ordezkaritza bidaliko dutela. Esaterako, EAJk bost ordezkari bidaliko ditu: Aitor Olaizola Euzkadi Buru Batzarreko kidea, Iñigo Iturrate, Maribel Bakero eta Mikel Martinez Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordeko kideak eta Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatua.

PSE-EEk eta PPk, aldiz, ez dute ordezkaritzarik bidaliko eta erabaki bera hartu du Hamaikabat alderdiak. Martin Beramendi buruzagiak agertu duenez, erabaki hori hartu dute uste dutelako ez dela "Batasunaren legalizazioaren alde manifestatzeko garaia", baizik eta ETAri desagertzeko exijitzekoa.

Lokarri baketze eta adiskidetzearen aldeko mugimendua ari da ekitaldia antolatzen, eta

komunikabideei igorritako prentsa ohar batean jakinarazi duenez, ikusmin handia pizten ari da ezker abertzalearen alderdi politiko berriaren aurkezpena. Uste baino eragile gehiago joango dira Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldira; antolatzaileek adierazi dutenez, aretoz aldatu behar izan dute: A4 aretotik —150 pertsona biltzeko tokia du horrek—, A3 aretora —282 pertsonarentzat da—. Etzi egingo da ekitaldia, eta goizeko 11:00etan hasiko da. BERRIA telebistak zuzenean emango du, webgune honetan. Ekitaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gorabehera. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak eta Iñigo Iruin abokatuak emango dute alderdi berriaren ezaugarrien eta estatutuen berri.

Morenoren deia eta mobilizazioak

Gainerakoan, Txelui Moreno ezker abetzaleko bozeramaileak alderdi berriaren legeztatzea bakearen aldeko urratsa dela azpimarratu du gaur Youtube-ra igotako bideo baten bidez. Hori dela eta, herritarrei eskatu die legalizazioaren alde engaiatzeko.

Hain zuzen ezker abertzalearen legalizazioa eskatzeko hainbat mobilizazio egin dira gaur herri eta auzoetan, besteak beste, txartelak ezarri dira eta paskinak banatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.