3.000 etxe publiko pribatizatzea kritikatu du EAJk

Babestutako etxeak salduta legegintzaldi bukaera «makillatu» nahi izatea leporatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzari

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Alokairu sozialeko 4.000 etxebizitzaren sustapena inbertsore pribatuen esku uzteko ekimena aurkeztu du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak aste honetan. Babestutako alokairuko etxebizitza parkea handitzeko neurri gisa aurkeztu dute. Ordea, ekimen horren atzean ondare publikoa salduta dirua irabazteko eta Eusko Legebiltzarraren egoera ekonomikoa «zuritzeko» asmoa baino ez dagoela salatu du EAJk. Inbertsore pribatuak sustatuko lituzkeen 4.000 etxebizitzatik 2.947 Alokabide eta Visesa sozietate publikoarenak dira. Hau da, ia 3.000 etxebizitza salduko dizkie Jaurlaritzak inbertsore pribatuei, alderdi jeltzaleak jakinarazi duenez.

Legegintzaldi bukaera «makillatu» ahal izateko borondatea baino ez du ikusi EAJk erabakiaren atzean. Eusko Jaurlaritzak ekimenaren bidez 275 milioi eskuratu eta diru kontuak arindu nahi dituela uste du. Ekimena aurrera eramanez gero gerta daitekeena «txikiziotzat» jo du Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak, ordea, eta hori gelditu ahal izateko zenbait ekimen aurkeztu dituzte alderdi jeltzaleko ordezkariek Eusko Legebiltzarrean. Lehenbailehen jarri nahi dituzte martxan. Izan ere, egitasmoa adjudikatzeko izapideak abuztu eta urri artean hasi nahi dituela aurreratu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak.

Aste honetan Jaurlaritzak jakinarazi duenez, etxebizitzen jabetza eskuz aldatzean inbertsoreak Jaurlaritzari alokatuko dizkio etxe horiek gutxienez hogei urteko epean, eta Jaurlaritzak Etxebiden dauden pertsonei alokatuko dizkie ondoren. Etxebizitza Sailak proposatutako salmenta legez kanpokoa dela ohartarazi du, ordea, Ricardo Gatzagaetxebarriak, ordezkari jeltzaleak.

Inbertsoreek Jaurlaritzari etxebizitzak alokatzen dizkionean «merkatuko prezioan» egingo duela azaldu du Gatzagaetxebarriak, nahiz eta Jaurlaritzak babestutako etxebizitzen prezioan salduko dituen. Ondare publikoa babes ofizialeko prezioan saldu eta gero merkatu librekoa bezala alokatzea legez kanpokoa dela azaldu du. Etxebizitzak erosiko dituen inbertsore pribatua Erresuma Batukoa dela aurreratu du Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramaileak, eta dagoeneko Lakuako egoitzan inbertsoreen ordezkariak elkartu direla jakinarazi du. Inbertsio horien jatorria «ezezaguna» dela ohartarazi du, eta esan du baztertu egin behar direla halakoekin argi ez daude operazioak.

Erabaki hori uda aurretik hartu izana ere kritikatu du Joseba Egibarrek, baina egitasmoa geldiarazteko Eusko Legebiltzarrean bost ekimen aurkeztu dituztela jakinarazi du. Horietako bat premiazko legez besteko proposamen bat da, Eusko Jaurlaritzak hasitako izapideak geldi ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.