Ekainean abiatu zuen Askatasunak Guztiok Gara Giltza prozesua, eta ordutik hona, 3.000 lagun batu dira herri desberdinetan egin diren 120 batzarretan. Baldintza Demokratikoez aritu dira batzar horietan bildutakoak, eta haietatik ateratako ondorioekin "posizio politikoa finkatzea" dute helburu, "marko demokratiko baten eraikitze lanetan gutxieneko baldintzak definitzeko".
Prozesu horren aurreneko ondorioak aurkeztu dituzte gaur, eta azaldu dutenez, honakoak dira Euskal Herriari Askatasunak egindako ekarpen batzuk: "Euskal Herri berri bat lortzea, euskal demokrazia eraikitze bidean marko demokratiko bat bermatzea, eta errepresioa iraganeko elementu bihurtzea".
Gainera, Askatasunaren iritzian, "euskal herritar guztien errespetutik etorriko da gatazka gaindituko duen akordio politikoaren egikaritza". Herritarren sektore bat edo herrialde bateko herritarrak bazter utzita ezinezkoa da gatazka konpontzea, eta eskubide demokratikoenganako "begirune integrala" eduki beharra dago, beraien iritzian.
Bi estatuak inplikatzen ez badira ez dago prozesua aurrera eramaterik, Askatasunaren iritzian. Honakoa da bi Estatuek egin beharrekoa: "Errepresio eta xantaia politikoari uko egitea, euskal herritarron erabakiak errespetatzeko borondatea eta orube demokratikoa definitzeko eta eraikitzeko konpromiso sendoa izatea". Prozesuak "inoren kontrako jazarpenik gabekoa eta euskal herritarrena ez den esku hartzerik gabekoa" izan beharko lukeela iritzi diote, gainera.
Bide horretan lan egiteko borondate osoa duela azaldu du Askatasunak.
POlitika
3.000 lagunek hartu dute parte Askatasunak bultzatutako 'Guztiok Gara Giltza' prozesuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu