Euskal Herriko energia arloko enpresa handienetako bik, Iberdrolak eta Gamesak, 3.000 milioi euroko tratua itxi dutela ezagutarazi zuten atzo, administrazio kontseiluek operazioari oniritzia eman eta gero. Iberdrolak eta Gamesak azken urteotan hainbat akordio sinatu dituzte, baina atzokoak bultzada indartsua emango dio bien arteko harremanari
Gamesak 2.700 megawatteko potentzia duten haizesorgailuak salduko dizkio argindar konpainiari, eta trukean 2.300 milioi euro eskuratuko ditu. Iberdrolak, ohar baten bidez, energia eolikoaren sektorean «historiako operaziorik garrantzitsuena» izan dela ziurtatu zuen. 2007-2009 urteen artean garatuko da elkartrukea, eta Iberdrolak Europa, AEB eta Mexikon dituen dituen parkeetan erabiliko du. Gamesak 2008. urtean haizesorgailuak ekoizteko izango duen ahalmenaren lau bosten parekoa da saldu dituen megawatt kopurua.
BESTE PARKE BAT AEB-ETAN. Akordioak bigarren parte bat ere badu, horren arabera, AEBetan Gamesak garatu dituen parke eolikoetatik mila megawatteko potentzia erosiko dio Iberdrolak.
2009. urtea baino lehen Gamesak martxan jarriko dituen 300 megawatt erosteko konpromisoa irmoa da, eta beste 200 erosteko eskubidea gorde du. Gainerako 500 megawattak gaur egun dagoeneko energia ekoizten ari diren promozioetatik trukatuko dituzte. Iberdrolak erositako potentziaren arabera, operazioak, guztira, 700 eta 1.100 milioi dolar bitarteko balioa izango du.
3.000 milioi euroko tratua itxi dute Iberdrolak eta Gamesak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu