atxiloketak

34 atxilotuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute larunbatean, Bilbon

17:00etan irtengo da martxa Aita Donostia plazatik. Inkomunikatuta dauzkate atzotik 34 gazteak, NBEk Espainiari lehengo astean eskatutakoari muzin eginda. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan atzeman zituzten atzo.

2009ko azaroaren 25a
18:34
Entzun
Atzo Hego Euskal Herrian atxilotu zituzten 34 gazteei elkartasuna eta babesa azaltze aldera manifestazioa egingo dute larunbatean, Bilbon (17:00etan Aita Donostia plazatik irtengo da). Hala jakinarazi dute gaur haien senide eta lagunek Usurbilen (Gipuzkoa) egin dute agerraldian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan atzeman zituzten 34 gazteak, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, eta beste zazpi ere atxilotzen saiatu ziren, baina ez zituzten etxean aurkitu. 92 miaketa egin zituzten poliziek.

Atxilotuen senide eta lagunek "Euskal Herriko eragile eta pertsona guztiei, proiektu guztiak defendatzeko aukeraren alde eta eskubide guztien alde adierazteko deia" egiten diete. Behin eta berriz berretsi dute 34 gazteak "independentistak direlako" atxilotu dituztela. "Gure senide eta gazteak independentistak dira. Independentziaren aldeko pentsamendua gazteen artean zabaltzea, independentziaren aldeko proiektuak sortzea eta etorkizun aske batekin amesteaz gain, horren alde lan sozial eta politikoa egitea da Espainiako Polizia eta Guardia Zibilak atxiki eta inkomunikaturik edukitzeko arrazoi bakarra".

Espainiako Gobernuko Barne Sailak dio "ETAren harrobiaren buruzagitza desegin" dutela, "Segiren egitura klandestinoa ia osorik" ere bai -haien arabera, herrialde eta eskualde arduradunak atzeman dituzte-, eta "kolpe gogorra" eman dutela operazioarekin. Haren arabera, bi talde zituzten osatuta: Gazte Independentistak eta Segi klandestinoa.

Inkomunikatuta dauzkate atzotik

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, ohi bezala, inkomunikatuta dauzkate atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan atxilotutako 34 gazteak. Espainiako Estatuak, beraz, ez dio jaramonik egin Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Torturaren Aurkako Komiteak lehengo astean esandakoari. Hots, NBEk eskatu zion atxilotuei ezartzen dieten inkomunikazioa bertan behera uzteko. “Estatuak inkomunikazio erregimena berrikusi behar du, hori kentzeko helburuarekin, eta askatasuna kendu zaion pertsona orok atxilotuei dagozkien oinarrizko eskubideak edukiko dituela bermatu behar du”, zioen ostiralean NBEko Torturaren Aurkako Komiteak txostenean.

Senideek gaurko agerraldian atxilotuak jasaten ari diren inkomunikazio egoera salatu eta bertan behera uzteko galdegin dute. "Ez dakigu non eta nola aurkitzen diren. Badakigu, ordea, inkomunikazioa eta tortura sinonimoak izan ohi direla.

Atxilotuek konfidantzazko medikuekin egoteko aukera izatea, uneoro kamaraz grabatuak izatea eta atxiloaldian zehar haien senideei non dauden eta nola dauden jakinarazteko eskatu diote Fernando Grande Marlasca Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari atxilotuen abokatuek, baina horrek eskaera guztiei ezezkoa esan die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.