Koronabirusaren krisiaren ondoren, ekonomia ekologikoaren alde egitea. Hori eskatu dute 345 irakaslek eta ikertzailek, eta COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua sinatu dute. Bat egin duten irakasleak eta ikertzaileak 25 unibertsitatetakoak eta ikerketa zentrotakoak dira, besteak beste, EHUkoak, NUPekoak, Mondragon Unibertsitatekoak, Deustokoak, PAUko unibertsitatekoak (Baiona-Bordele), BC3koak, Stanfordekoak eta Cambridgekoak.
Ehun espezialitate baino gehiagotako profesionalak dira sinatzaileak, eta eztabaida sozial bat sustatu nahi dute, Euskal Herrian etorkizun «iraunkorra eta inklusiboa» lortzeko ardatzei buruz argitaratutako manifestutik abiatuta. «Egungo krisialdietarako benetako irteera, norbanako zein talde gisa, gure erresilientziaren eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da», nabarmendu dute. «Bidegurutze historiko» baten aurrean egonik, bi aukera ikusten dituzte: bide «oker» beretik jarraitu edo norabidea aldatu.
Norabide aldaketa horretarako, uste dute lehentasunezko bost ekintza ildotan oinarritutako ekonomia ekologiko baterantz joan behar dela: Batetik, BPGaren hazkunde erantsian oinarritutako garapen eredua alde batera uztea nahi dute. Horretarako, iruditzen zaie bereizi egin behar direla ongizate soziala areagotzeko ezinbesteko sektoreak eta ingurumenean daukaten eraginagatik azkar gutxitu behar direnak. Bestetik, muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen, inbertsio eta kontsumo politikak sustatzeko ere eskatu dute. Horretarako, «hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna» lehenestea nahi dute, hurrengo belaunaldientzat «zor onartezin bat» sortu ez dadin. Hirugarren puntuan, ingurumen fiskalitate progresiboa bultzatu nahi dute, albo batera uzteko kutsadura eta baliabide naturalen gehiegizko erabilera, eta balio dezan «beharrezkoa» den trantsizio ekologikoa finantzatzeko, «krisi klimatikoari eta ekosistemen degradazioari aurre egin diezaion». Laugarren eskaera nekazaritza eta elikadura sistema eraldatzea da, «agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko». Horrek lan baldintza duinetan oinarritu behar duela uste dute, bioaniztasunaren kontserbazioa ziurtatuz eta elikagai jasangarrien eta tokiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatuz. Azkenik, eskatu dute azpiegitura handietan eta garraiobide «jasanezinetan» oinarritutako mugikortasun eredua alde batera uztea eta motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa lehenestea.