epaitegiak

35ak hobengabetzeko galdea, berriro

Ipar Euskal Herriko 22 kolektibok galdegin dute Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta ezker abertzaleko bertze 33 militanteen errugabetzea. Azaroaren 13an protestara deitu dute.

Haizpea Abrisketa eta Aurore Martin, urtarrileko agerraldi batean. SYLVAIN SENCRISTO
maddi ane txoperena iribarren
2015eko azaroaren 5a
12:14
Entzun

Azaroaren 23an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 militanteren aurkako epaiketa. Behin eta berriro gibelatu dute auzia —tartean, abokatuak atxilotuta—, baina Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa auzipetuek gogoratu dutenez, zortzi urte pasatuak dira jada Espainiak haien aurkako prozedura abiatu zuenetik.

"Tartean bakearen aldeko iniziatiba indartsuak izan dira, eta jaso dugun elkartasuna azpimarratu nahi dugu". Horren adibide, gaur Baionan haiei babesa ematera bildu diren 22 kolektibotako kideak. Han ziren, erraterako, LDH giza eskubideen liga, Anai Artea; CFDT, LAB, ELB eta CGT sindikatuak; EELV, EH Bai, Parti de Gauche eta NPA alderdiak; baita mota anitzetako elkarteak ere.

Salatu dutenez, ezker abertzaleko militanteen "jarduera politikoa" epaitu nahi du Madrilek, hala nola mitinetan parte hartzea, prentsako artikuluak idaztea ala biltzarrak antolatzea: "Oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako eraso bat da auzia". Abrisketa eta Martinek frantses naziotasuna dutela gogoratu dute, halaber, eta Frantziako Gobernuak Espainiari "sostengu aktiboa" ematen diola: "Madrilekiko duen morrontza aktiboa alde batera uzteko eskatzen diogu".

Elkarretaratzea, 13an

Auzia salatzeko protestara deitu dute 22 kolektiboen izenean. Azaroaren 13an eginen dute elkarretaratzea, Baionako herriko etxearen aitzinean, Errepresiorik ez, konponbideari bai lelopean. Bakearen aldeko ekinbideak indartzeko eskatu diete herritarrei bi auzipetuek: "Salaketaz gain, bakearen aldeko iniziatibak sortzeko baliatu behar dugu epaiketa. Eragozpenak aukera bilaka ditzagun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.