Espainiako Gobernuak neurri gehiago iragarri ditu memoria historikoaren arloan. Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko erabakia hartu eta gero —Espainiako Kongresuak baiezkoa eman zion joan den astean—, frankismoaren biktimei buruzko neurriak iragarri ditu PSOEren gobernuak.
Autonomia erkidegoetako ordezkariekin bilera egin du Fernando Martinez Memoria Historikoko zuzendariak, eta neurri ugari jarri dituzte mahai gainean.
Espainiako Kongresuak 2007an onartu zuen Memoria Historikoaren Legea, eta hori gaurkotzeko asmoa azaldu du gobernuak. Nazioarteko erakundeek egindako “gomendioak” legean txertatzea aipatu du Martinezek. Pedro Sanchez presidenteak iragarria du Egiaren Batzordea sortzeko asmoa.
Biktimak aurkitzeari dagozkionak dira bileran hizpide izan dituzten gehienak. Hobitik ateratzeak egiteko plan bat jarriko du indarrean Madrilgo gobernuak. Azken urteetan PPren gobernuak ez du jarri biktimak hobitik ateratzeko funtsik jarri, eta Hego Euskal Herrian, bertako gobernuak ari dira laguntzak ematen —Nafarroan gobernu aldaketarekin ekin zioten horri—. Biktimak identifikatzeko helburuz, DNA banku bat sortzea aipatu du gobernuko ordezkariak. Horrekin batera, gaurkotu egingo dute gerrako fosei buruzko mapa.
Gerrako biktimei buruzko zentsu bat egiteko asmoa ere badu gobernuak. Horren bidez, “neurria” jarri nahi diete 36ko gerran izandako eskubide urraketei.
Neurri horiek guztiak mahai gainean jarri arren, gobernuko ordezkariak ohartarazi du aurrekontuen araberakoa izango dela horien bideragarritasuna: aurrekontu berriak onartu ezean, oztopoak izango direla, gaur-gaurkoz memoria historikoaren arlorako batere dirurik ez baitauka izendatua, aurreko gobernuak egindako aurrekontuak izanik.