Lau kolpetan jasota dator 36ko gerra Oroiteria webguneko bigarren atalean. Lau azpiatal ditu Zergatik atalak: Konspirazioa, Estatu kolpea, Gerra eta Jazarpen makina. Eta informazio xehea dator haietako bakoitzean, beste 25 azpiataletan sailkatuta. Esate baterako, jasota dator konspirazioa prestatzeko bileran nor bildu ziren, eta non egon zen gero haietako bakoitza, estatu kolpea nola izan zen Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean, gerrako fronteak, bonbardaketak, presoak, Eusko Jaurlaritza, deserria... Eta jazarpenaren aldaera desberdinak.
Bost ataletan, 36ko gerra bera ez ezik, haren bueltako guztia jasotzen du Oroiteria webguneak. Amagoia Ibanek koordinatutako lan honek bost atal nagusi ditu gaur-gaurkoz, eta udazkenean seigarren atala izango du.