Euskal herria

36ko gerrak 221 orban utzi ditu Nafarroan

Hobi komunen mapa aurkeztu dute gaur, eta, bertan, hainbat puntu beltz adierazi dituzte: fosa komunak dauden lekuak, ehorzketak izan ziren guneak eta gertaera bortitzak bizi izan zituzten eremuak. 

2012ko ekainaren 1a
18:20
Entzun

Nafarroako 36ko gerrako hobi komunen lehendabiziko mapa aurkeztu dute gaur, Iruñean, biktimen familen elkarteen aurrean. Mapa horretan, 221 puntu beltz jaso dituzte: fosa komunak dauden lekuak, ehorzketak izan ziren guneak —baita ikertu gabe egon arren ehorzketa gune izan zirela uste denak— eta gertaera bortitzak bizi izan zituzten eremuak. 

Mapa hori guztiz osatu gabe dagoela adierazi du aurkezpenean Roberto Jimenez gobernuko presidenteordeak. Bilduma aurkikuntza gehiagotara "irekita" dagoela esan du. 

Biktimen familien elkarteek pozez hartu dute mapa euren aurrean aurkeztu izana, gizarteari erakutsi aurretik, baina denboran hainbeste luzatu izanaz kexu agertu dira, baita elkarteekin hasieratik elkarlanean jardun ez izanaz ere. 

Mapa hori Tracasa enpresak osatu du eta webgune berezi bat ere aurkeztu dute, non informazio guztiak jasoko diren eta hobiak identifikatzea posible izango den. Teknikariek nabarmendu dute hobi kopurua handiagoa dela Nafarroa hegoaldean. 

Nafarroako memoria historikoaren defentsan jarduten duten elkarteen izenean, Carlos Otxoak hartu du hitza, eta adierazi du eremu beltz horiek fisikoki adierazi behar direla, eta etorkizunean sortu daitezkeen eraikuntza proiektuen aurrean babestu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.