36ko gerrako iturri dokumentalen gida osatu du Jaurlaritzak

Ikerketa historikoak egiteko «erreferentzia» izatea espero dute Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gerra Zibilak Euskadin izan duen bilakaerari buruzko iturri dokumentalen eta bibliografikoen gida (1936-1939). Hori da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta EuskoIkaskuntzak argitaratu duten liburuaren izenburua, eta atzo aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan.

Obra aitzindaria da arlo horretan, eta historiaren aldi erabakigarri hori «hobeto ulertzeko» baliagarria izango delakoan daude Blanca Urgell Kultura sailburua, Jose Maria Muñoa Euko Ikaskuntzako presidentea eta Jose Luis de la Granja eta Santiago de Pablo argitalpen zuzendariak. Sei lagunez osatutako ikerketa talde batek landu du gida: Jose Luis de la Granja, Santiago de Pablo, Juan Carlos Jimenez de Aberasturi, Pedro Barruso, Carmelo Landa Montenegro eta Norberto Ibañez. Eusko Ikaskuntzako Historia Saileko kide dira denak, eta 28 laguntzailez osatutako sare zabal batez baliatu dira. Europako eta Amerikako hainbat gunetan izan dituzte laguntzaileak.

Lau urteko lanaren fruitu da gida, eta bi hizkuntzatan argitaratu dute. Bildu duten informazioa «ugaria» da, eta kontsultatu dituzten 328 artxiboetako fitxak liburuari erantsitako DVD batean argitaratu dute. Hala ere, hamabost artxibo garrantzitsuenak paperean ere jaso dituzte. Artxibo bakoitzak hiru atal ditu, erosoago erabili ahal izateko: horiek aurkitzeko eta kontsultatzeko beharrezko datu praktikoak, horren funtsen deskribapena eta dauden dokumentu deskribapenerako tresnen aipamena; katalogoak eta inbentarioak.

Testigantza argitaratu berriak

Zenbait atal ditu gidak, prentsari buruzkoa bat, tartean. 1936ko uztailetik 1939ko apirilera bitartean Euskal Herrian eta Europako eta Amerikako erbesteko hainbat lekutan argitara emandako 173 euskal aldizkarien zerrenda jasotzen du. Euskal Herrian Espainiako 36ko gerrari buruz egindako filmografia atal bat ere badago, eta protagonisten ahozko iturriak eta testigantzak biltzen dituen beste bat. «Oroimen historikoa berreskuratzeko oso baliagarriak dira, hamaika artxibo eta ahozko funtsetan aurkitutako eta argitaratu gabeko testigantzak biltzen direlako», egileen arabera.

Artxiboak probintziaka, erkidegoka eta herrialdeka ordenatuta dauzkate. Angel Viñas historialari eta katedradunak egin du liburuaren hitzaurrea, eta dioenez, «parekorik ez duen obra da, gai ugari biltzen dituelako eta geografia zabala jasotzen duelako». Viñasen ustez, obra «nahitaez kontsultatu beharreko erreferentzia» izango da Espainiako 36ko gerrak Euskal Herrian izan zuen bilakaerari buruzko edozein ikerketa historiko egin nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.