Memoria

36ko gerran hildako miliziano baten gorpuzkiak itzuli dizkio Jaurlaritzak familiari

Esteban Salsamendi batailoi komunistan izan zen Aniceto Agirrebeitia Lazpita. Haren gorpuzkiak iazko abenduaren 20an berreskuratu zituzten, eta, gaur egindako ekitaldi batean, sendiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ditu.  

Agirrebeitiaren senideak agurra jasotzen, gaur, Elgoibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
2021eko uztailaren 28a
12:55
Entzun

Aniceto Agirrebeitia Lazpita deitzen zen. Haren gorpuzkiak duela urtebete aurkitu ziren Zornotzako Bizkargi mendian, eta abenduan lurpetik atera. Aldean zeraman 58.331 zenbakidun txapa identifikatzaileari esker jakin zen Aniceto Agirrebeitia Lazpita zela, Esteban Salsamendi batailoiko milizianoa, EPK Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako batailoikoa.

Gaur Elgoibarren egindako ekitaldi sinbolikoan, sendiak Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu du Agirrebeitia, 36ko gerran hildako beste 58 pertsonaren gorpuzkiekin batera. Aurretik, Jaurlaritzak gorpuzkiak itzuli egin dizkio familiari, eta, orain, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak «hurbiltasun eta maitasun guztia» helarazi nahi izan die senideei, zortzi hamarkada geroago Agirrebeitiak «atseden hartu» ahalko duelako. «Euskal erakundeetatik lagundu nahi genizuen, uste baitugu betebehar hori dugula Euskadin memoriaren politika publikoen arduradun garen aldetik».

Hain zuzen ere, atzo onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren legearen zirriborroa. Artolazabalen hitzetan, biharamunean halako ekitaldia egiteak «oso ondo sinbolizatzen du memoriaren inguruko politika publikoen garrantzia eta erabilgarritasuna». Memoria historiko eta demokratiko berreskuratzeko urrats oro elkarbizitzaren aldekoa dela goraipatu du: «Harro nago Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Aniceto bezalako pertsonei duintasuna itzultzen laguntzeaz».

Agirrebeitia familiarekin batera, bertan izan dira erakunde eta alderdietako ordezkariak: hala nola Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko ordezkari politikoak, Elgoibarko alkate Ane Beitia eta udalbatzako kideak, eta Euskal Prospekzio Taldeko, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Elgoibar 1936 bertako elkarte memorialistako kideak.

Agirrebeitiarekin, 2001etik hona azken bi hamarkadatan 46 desobiratze egin dira Araban (zazpi), Bizkaian (24) eta Gipuzkoan (hamabost). Horietan, 118 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira. Hilobitik ateratako biktima gehienak gudulariak ziren, 70, baina epaiketaz kanpoko 26 biktima eta 14 hildako ere berreskuratu dituzte.

Bi memoria gune, Nafarroan

Nafarroako Gobernuak, kontseiluan, gaur onartu du memoria historikoaren gune izendatzea Elizondon erbestearen omenezko eskultura eta Loitiko gaina, Ibargoitin (Nafarroa). Memoria historikoari buruzko 29/2018 foru legeak jasotzen duenez, gune horietako ezagutzari eutsi eta zabaltzea da memoria guneen helburua, eta batzorde teknikoak proposatzen duenez, bi eremu horiek helburu hori betetzen dute.

Loitiko gainaren kasuan, bi aldeetan, gutxienez inguruetako herrietako 69 pertsona fusilatu zituzten, 1936ko uztail eta abendu bitartean. Guztiak ere bere jarduera politikoagatik eta sindikalagatik izan ziren atxilotu eta erailak. 2019Ko ekainaren 1ean, Zangozako Udalak inguruko hainbat udalekin batera, biktima horien omenezko memorial bat inauguratu zuen. Mikel Iriarte eskultorearen lanak Loiti, ixilpeko hilerria du izenburu.

1936ko golpe militarraren ondorioz, Nafarroan 1.300 pertsonak baino gehiagok zeharkatu zuten muga, militarren jazarpenetik ihesi. Horietako askok, Gurs-eko kontzentrazio esparrutik pasatu ziren, eta euretako 60 inguruk nazien esparruetan amaitu zuten. Elizondon, erbestera ihesean atera ziren horien omenezko eskultura bat paratu zen, Babesaren muga izenburupekoa. Hura ere Mikel Iriarteren lana da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.