Oroimen historikoa

36ko gerran hildako Nafarroako langile publikoei omenaldia egin diete

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak adierazi du "berandu" etorri dela, orain arteko "borondate politiko faltagatik"

Nafarroako Jauregian omendu dituzte 36ko gerran hildako  langile publikoak. ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko urriaren 3a
09:55
Entzun

"Nafarroako Gobernuak Foru Diputazioaren zerbitzuko funtzionario eta langile hauen oroimenez eta ohorez Nafarroan hil baitzituzten 1936ko gerra zibilean errepublikaren legezkotasuna babesteagatik". Nafarroako jauregiaren atari nagusian eskegita dagoen plakak hori dio euskaraz zein gazteleraz, eta jarraian 33 pertsonen izen-abizenak daude.

Gaur eguerdian lehen aldiz omenaldi ofiziala egin zaie Nafarroako jauregiko patioan, 30eko hamarkadan Diputazioarentzat lan egin zuten 33 pertsonei. Zelaida Nikolasen biolinaren doinupean, lehen aldiz euren izen-abizenak entzun dira jauregiko hormen artean. Bertaratutakoek, zutik, errespetuzko isilunea gorde dute.

Ondoren, Ricardo Mulak hartu du hitza, Francisco Mula zenaren semeak. Aita Izquierda Republicanako militantea zen: 1937an eraman zuten eta ondoren hil. 78 urte eta gero, semeak oraindik ezin izan du aitaren arrastorik aurkitu Lantz aldean. Bere hitzaldian, hildako aitaz gain, gogoan izan du bere ama "ausarta, maitasunez hiru haur aurrera atera zituena". Nafarroa "gris eta beldurti hartatik" atera behar izan zuten ihesi "ez baitzitzaien bizitza normal eta lasaia egiten uzten familia errepublikoanoei".  

Ramon Ramos Garciaren ilobak hartu du hitza jarraian. Osaba Diputazioko gidaria zen, eta 1936ko uztailaren 31ko 15:30ean etxean "bahitu zuten". Zezen plazan izan ostean, handik atera eta Zizurren hil zuten. Ramonen aita ere, Jose Ramos, hil egin zuten eta Fabian anaia "gutxigatik" ez zuten harrapatu. Nafarroako fusilatuen elkarteari urteotan egindako borroka eskertu dio baita Nafarroako Gobernu berriari ere, "zirkulua ixteagatik".

Denbora "gehiegi" itxaron duen omenaldia

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ustez, "omenaldi hori gehiegi luzatu da denboran, borondate politikoa faltagatik". Omenaldia egin nahi izan die hildako 33 pertsoneen senideei, denbora asko itxaron behar izan dutelako.

Barkosen esanetan, 36ko gerrako biktimekiko konpromiso "zalantzaezina" du Gobernuak, eta ezinbestekotzat jotzen du "iraganak eragindako amesgaiztoei aurre egitea nahiz eta batzuek nahi ez izan". Ahanzturaren aurrean memoria aldarrikatu du: "Etorkizunaren kontzepzio berri bati lotuta egon behar du gertatutakoaren memoriak. Ez du zentzurik begirada atzera zuzentzea etorkizuna hobetzeko ez bada".

Amaieran, jauregiko atarira atera dira, eta bertan plaka inauguratu dute. Senideek eta nahi zuten herritarren krabelin gorriak eskaini dituzte plakaren aurrean. Askoren begietan emozioa islatzen zen, eta malkorik ikusi da aurpegietan.

Omenaldian 130 senide inguru izan dira eta ordezkaritza politiko zabala egon da. Bertan ziren, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Ainhoa Aznarez Parlamentuko lehendakaria, Ana Ollo Gobernuko eleduna, Mari Jose Beaumont Lehendakaritzako kontseilaria, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Maiorga Ramirez, Ahal Duguko Laura Perez eta Eduardo Santos, UPNko Juan Luis Sanchez Muniain eta Oskar Arizkuren.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.