OSASUNGINTZA

374 lanpostu eskainiko ditu aurten Osakidetzak

Erdiak barne sustapenerako izanen dira, eta bertze erdiak, txanda irekiko postuak. Enplegu galera "mozorrotu" nahi izana salatu du EH Bilduk.

Osakidetzako lan eskaintza publikoa, 2012an, Barakaldon. LUIS TEJIDO / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2014ko abenduaren 10a
11:00
Entzun

Osakidetzak 2014rako lan eskaintza publikoaren deialdia egiteko prozesua irekitzea onartu du. 374 postu eskainiko ditu: azaldu duenez, kopuru hori Espainiako aurrekontuen legeak onartutakoa da, hutsik geratutako postuen %10 soilik berrezar daitezkeelako. Horietatik 187 txanda irekiko postuak izanen dira, eta 187, barne sustapenerakoak. 2015erako txanda bakoitzeko 297 lanpostura igotzea nahiko lukete.

Osakidetzaren arabera, enplegua egonkortzearekin duen «konpromisoaren» erakusle da lan eskaintza publiko hori. EH Bilduk, ordea, salatu du «enplegu galera kronikoa mozorrotu» egin nahi dutela deialdiarekin. Koalizioak gogoratu du sindikatuek salatu dutela 3.000 lanpostu inguru galdu direla.

Logika beraren parte

Osasun Sailak adierazi duenez, euskal osasun zerbitzuko erakunde guzietan enplegu publiko «egonkorra eta kalitatezkoa» sendotzea da deialdiaren helburua, eta 2014, 2015 eta 2016ko lan eskaintzetan islatuko da hori.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, baina, deialdira «behartuta» deitu du Eusko Jaurlaritzak, «presio kolektiboaren» ondorioz eta zerbitzuak izan duen «kalitate urraketarengatik». Haren arabera, «oso eskasa» da eskainitako postu kopurua, eta Jaurlaritzari eskatu dio berriro ekiteko sindikatuekiko elkarrizketei. Jon Darpon Osasun sailburuak, berriz, erran du oraindik badirela mahai sektorialean negoziatu beharreko edukiak: «Postu kopuruetatik harago, lan gehiago eta garrantzitsuagoa dago egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.