Lokarri, Askapena, Anitzak, Elkartzen, EHE, Lau Haizetara Gogoan, ESAIT, Iratzarri, Eguzki, Gernika Batzordea, CNT, Etxerat, Gite Ipes, TAT, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Alternatiba Gazteak, Bilboko hainbat konpartsa eta beste zenbait gizarte eragilek -denera 40k- urriaren 2rako Bilborako deitutako manifestazioan parte hartzeko dei egin dute gaur, prentsaurreko baten bidez. "Eskubide guztien alde hasitako bidea geldiezina" egiteko asmoz izango dira eurak ere martxan, gaur esan dutenez.
Aita Donostia plazatik abiatuko da larunbateko manifestazioa (17:00). Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei lelopean.
Lehengo astean iragarri zuten martxa Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek: Txaro Arteaga Emakundeko presidente ohia, Gabriel Mariscal Bizkaiko abokatuen dekano ohia, Ramon Zallo EHUko irakaslea, Pedro Ibarra EHUko irakasle izandakoa, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Maixux Rekalde Elkarriko zuzendaritzakide ohi eta Lokarriko kidea, Felix Cañada abokatua, Jose Luis Longarte Gogoa elkarteko kidea, Natxo Isuzkiza apaiza, Carmen Moreno gizarte ekintzailea eta Alfonso Dubois irakasleak.
Europa Press berri agentziak gaur jakinarazi du ezker abertzalea ere Bilboko martxan izango dela, eta honek bihar emango duela horren berri, prentsaurreko batean. Herriko tabernetan Bilbora joateko autobusak antolatzen ari dira.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ostiralean babestu egin zuen manifestazioa, eta zioen egun horretan "denok kalean" izatea espero duela, martxa "eraginkorra" izateko. ELAk ere babestu egin du, ostiralean iragarri zuenez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen Adierazi EH herritar ekimenak irailaren 11rako eskubide zibil eta politikoen alde deitutako manifestazioa. Debekuaren ondoren antzeko deiarekin beste deialdi bat egin zuten hainbat lagun ezagunek, baina auzitegiak horri ere ez zion balekorik eman.
Debeku horiek salatu zituzten asteazkenean urriaren 2ko deialdiko arduradunek. Eurak ezker abertzaleko kideak ez direla zioten, eta Adierazi EHrekin ezer ikustekorik ez daukatela.
politika
40 gizarte eragilek urriaren 2ko manifestaziora joateko dei egin dute
"Eskubide guztien alde hasitako bidea geldiezina" egiteko asmoz izango dira eurak ere Bilboko larunbateko martxan. Haien artean dira Lokarri, Askapena, Anitzak, Elkartzen, EHE, ESAIT, Eguzki, Gernika Batzordea edota Etxerat. 'Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei' leloa du manifestazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu