Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak jakinarazi du Osakidetza hasi dela mamografiak egiten familian aurretik bularreko minbizi kasuak izan dituzten 40 eta 49 urte arteko andreei. Urriaren 10ean ekin zioten, Bengoak azaldu duenez. «Bularreko minbizia garaiz diagnostikatzea oso garrantzitsua da. Horri esker gaixoak jasotzen dituen tratamenduak eraginkorragoak dira, eta ez horren erasokorrak.Hala, gaixoen bizi itxaropena eta kalitatea handiagoak izaten dira». Modu honetan nabarmendu du Donostiako Onkologikokozuzendari Maria Jesus Mitxelenak aldaketaren garrantzia.
Bengoak uda aurretik iragarri zuen Osakidetzak mamografiak egin nahi zizkiela bularreko minbizia sufritutako amak, ahizpak edo alabak dituzten 40 urtetik gorako emakumeei. «Guztieimamografiak egiteak ondo funtzionatzen du 50 eta 70 arte arteko andreen artean. Hortik beherako emakumeen artean, batik bat erdi mailako arriskua badute, zalantza handiagoak ditugu», esan zuen. «Horregatik erabaki dugu aurrekariak dituztenetara mugatzea».
Iragarpen hori egin eta gero Osakidetzak programa martxan jarri zuen emakume talde txiki batean; zer moduz doan aztertu dute modu horretan. «Orain, adin tarte horretako emakume guztietara zabalduko dugu. Osakidetzak dituen baliabide guztiak jarri nahi ditugu haien eskura, gaixotasuna tratatu eta diagnostikatzeko».
Bihar da Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Eritasun hori pairatzen duten gaixoen elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte hitzorduari begira. Bularreko minbizia jasan duten emakumeen Gipuzkoako taldeak, Katxalinek, esaterako, jardunaldiak antolatu ditu. Bihar egingo dituzte Onkologikoan, eta, besteak beste, bularreko minbizia duten emakumeek lana egiteko edo topatzekodituzten zailtasunei buruz hitz egingo dute. Laguntza psikologikoaren premia izaten dute zenbaitetan eriek, eta horren garrantziaz ohartaraziko dute. Nafarroan bularreko minbizia duten eriak batzen dituen Saray elkarteak ere prestatu ditu ekitaldiak. Gaur, adibidez, mahai inguru bat egingo dute, bularreko minbizia tratatzeko aukera terapeutikoen inguruan. Bihar, berriz, mahai informatiboak jarriko dituzte, eta diru bilketa egingo dute.
Nafarroan, kexu
Aurten, gainera, beste kezka bat ere badu Saray elkarteak. Izan ere, orain egun batzuk salatu zuen luzatu egin dela bularreko minbizia duten eriei ebakuntzak egiteko itxaron zerrenda. «Lehen 15-20 egun itxaron behar ziren. Orain, aldiz, hilabete baino zertxobait gehiago. Emakume batzuk Nafarroatik kanpo joan dira ebakuntza egitera atzerapen horren ondorioz», salatu dute.
Gainera, Nafarroako Gobernuak berriki iragarritako murrizketen ondorioz oso iragarpen ezkorrak dituzte; aldaketarik ezean, etorkizunean oraindik ere gehiago itxaron beharko dela ohartarazi du elkarteko presidente Pepa Pagolak. «Itxarote hori oso gogorra da gaixoarentzat, bai fisikoki eta baita psikikoki ere».
40 urtetik gora mamografiak egiten hasi da Osakidetza, familian kasurik bada
Gaitza izan duen ama, ahizpa edo alaba duten emakumeei egingo die azterketa 50 urteak bete aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu