Mundua

400 bat lagun desagerturik daude itsasontzi bat iraultzean Txinan

456 bidaiari zeramatzan ontziak Yangzi ibaian izan du ezbeharra, Hubei probintzian. Herrialdean aspaldi jazotako larriena da.

Erreskate taldeak lanean itsasontzia hondoratu den gunean. YUAN ZHENG / EFE
Adrian Garcia.
2015eko ekainaren 2a
12:48
Entzun

Larrialdi zerbitzuek hamalau lagun atera dituzte onik, Txinako Garraio Ministerioak jakinarazi duenez. Bost gorpu ere atera dituzte uretatik, baina hildakoen kopuruak gora egin dezake azkar, 438 lagun desagerturik baitaude. Gehienak erretiroa hartutako turistak dira. Ontziko kapitaina eta motorren arduraduna onik atera dira, baina poliziak atxilotu egin ditu. Haien arabera, zikloi batek harrapatu zuen ontzia. Larrialdi deirik ez zuten egin.
Atzo gauean gertatu zen hondamendia. Txinako hedabideen arabera, istripuaren unean bidaiari gehienak lotan zeuden. Nanjing hiritik Chongquingerako 1.500 kilometroak bete behar zituen ontziak, Yangzi ibaitik barrena.     
Onik atera direnak azaldu dutenez, azkar batean hondoratu zen ontzia. Salba-jantzira lotu zen bat erreskatatu dute larrialdi zerbitzuek, uretan orduak eman ostean. Beste hiru lagun ontzi barrutik atera dituzte. 150 ontzik eta 4.000 lagunek parte hartzen dute erreskate lanetan. Herriaren Egunkariak —gobernuaren egunkari ofizialak— azaldu du hiru gorpu aurkitu dituztela 50 kilometrora, Hunan probintzian.  
Ekialdeko izarra ontziak bidaia turistikoak egin ohi zituen Hiru Eztarrien urtegiaren inguruan. Herrialdearen hazkunde ekonomikoaren ikurrak urtean bi milioi turista inguru erakartzen ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.