Iñigo Urkullu lehendakariari legealdi osorako lasaitasuna ematea zuen helburu, besteak beste, joan den urteko azken txanpan onartutako zerga erreformak. Fronte horretan, zerga sisteman, eztabaida politikoa alboratzeko aukera baliatu nahi zuen, gutxienez. EAJ, PSE-EE eta PPren arteko itunak, gainera, Gipuzkoan bestelako eredu bat gauzatzeko urratsak zapuztu ditu, gehiengoa osatzeko bazkiderik gabe geratu delako EH Bilduren foru gobernua.
Zergari buruzko eztabaida tiraderan gordetzeko asmo hori ezerezean gera liteke, ordea. Espainiako Gobernuak zerga erreforma zabala egiteko ideia du esku artean. Oraingoz, ezer gutxi aurreratu du, baina aditu talde batek prestatu duen txostenaren ildoari eusten badio, edo, behintzat, hainbeste arau aldatzea erabakitzen badu, ondorioak Hego Euskal Herrira iritsiko dira, ezinbestean.
Zerga sistema propioaz harro daude foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua. Sistema horrek, hala ere, muga ugari ditu. Eskumen zabalak bai, baina burujabetza osorik ez. Zeharkako zergetan, esaterako, arautzeko eskumenik bat ere ez. Horrek esan nahi du BEZari buruzko erabaki oro Madrilen hartzen direla. Bistan da horrek ondorio zuzenak dituela.
Baina errenta zergan edo sozietate zergan ere eztabaida berriro irekitzeko asmoa dutenek azkar jokatuko dute. Demagun sozietate zerga. Confebask eta bere elkarte patronalek zabaldu ohi duten mezuaren aurka, zerga horren tasa Espainiakoaren azpitik dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala izan da aspaldi. Orain, Espainiako Gobernuak beherapen esanguratsu bat ezarriko balu, hemen ere ezartzeko presioa areagotuko dute. Ikusteko legoke EAJ, PSE-EE eta PP prest dauden orain dela hilabete batzuk hitzartutakoa bere horretan uzteko.
Antzekoa pentsa liteke ondare zergari buruz. Espainian desagertzea erabakitzen badute, zenbat kostatuko da eskaera hori lekualdatzea? Teoriazko zerga burujabetza hori, praktikan, Espainiakoaren imitazio batean geratzen da. Adibide bat emateko: Jose Luis Rodriguez Zapatero bigarren agintaldirako kanpaina egiten ari zela, 400 euroko kenkari bat agindu zuen zergapeko ororentzat. Argi eta garbi, hauteskundeetara begirako neurria zen, garesti samarra ogasunentzat, gainera. Haatik, ia automatikoki Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezartzea onartu zuten foru aldundiek. Ezetz esatea zuten, baina ez zuten egin. Garai horretan EAJk kontrolatzen zituen hiru foru gobernuak. Hona hemen Jose Luis Cimiano orduko Arabako Ogasun ahaldunak emandako argudioa: "Herritarrek 400 euro itzuliko zaizkiela barneratua dutenean, zaila da hori gelditzea".
PPk, Espainiako Gobernutik, propaganda arma modura erabili nahi du zerga erreforma. Olatu hori honaino iristeko aukerak hor daude. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak azaldu du ez duela ikusten zerga jaitsiera baterako abagunerik. Ez, behintzat, gaur egun dauden zerbitzuei eutsi nahi bazaie. Haatik, Espainian hartuko diren erabakiek udazkenean eztabaida berriro piztuko duten zalantza gutxi daude. Orduan ikusiko da zerga erreforma sinatu zuen hirukoak esandakoari eusten dion ala ez.