Hego Euskal Herrian, 431 positibo zenbatu zituzten atzo. Hala eman zaio amaiera konfinamendua indargabetu zenetik izaniko astea txarrenari. Halere, aurreko eguneko kopuruen azpitik dago. 492 kasuren berri eman zuten larunbatean. Lurraldez lurralde, Bizkaia da kaltetuena, kasuen erdia baino gehiago han atzeman baitituzte: 248. Araban 43 atzeman dituzte, Gipuzkoan 43, eta Nafarroan 89. Denera, 7.725 PCR proba egin dituzte. Horietatik 6.566 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Orain arte egun batean eginiko proba kopuru handiena da.
Azken egunetan atzemandako agerraldien inguruan, Donostiako Ramuntxo Berri tabernako fokuarekin lotuta, 1.359 PCR egin dituzte, eta hiruk eman dute positibo. Aguraingo (Araba) Kokolo tabernarekin lotuta, 113 proba egin dituzte —bi positibo—, eta Galdakaoko (Bizkaia) Muguru tabernarekin lotuta, 503. Gaur beste 552 laguni egingo dizkiete probak. Bilboko Deustu auzoko San Felicisimo parrokia ere itxi egin dute, apaiz batek positibo eman ostean. Mezetara joandakoei dei egin die, PCR probak egitera joateko.
Horiez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du Bilboko zahar etxe bateko egoiliarren artean zortzi positibo atzeman dituztela. Hainbat langile isolatu dituzte, haiek ere positibo eman ostean.