Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen euskal presoaren egoera salatzeko, Iparra Galdu Baik herri plataformak 48 orduko baraualdia egingo du, Donostiako Egia auzoko frantziskotarretan. Bihartik igandera salatuko dute haren eta larri gaixo dauden beste euskal presoen egoera.
Baraualdian, irteerak eta mobilizazio informatiboak egingo dituzte Donostian. Bukaera emateko, ekitaldi bat antolatuko dute datorren igandeko arratsaldeko bostetan, frantziskotarren aurrean; larriki gaixo dauden presoen plataformetako ordezkariak ere izango dira bertan: "Ekitaldi hau irekia da, eta interpelazioa jaso duten eta ez duten guztiei deitzen diegu bertan parte hartzera". Etxerat elkartearen eta LAB sindakatuaren sostengua jaso dute jada.
Horrez gain, kanpaina bat jarri dute martxan Iparragirreren kasua ezagutarazteko; dosierrak banatu dizkiete hainbat eragileri eta alderdi politikori, sostengu bila. Herenegun jakin zen NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuaren torturaren aurkako batzordeak tramiterako onartu duela Iparragirreren aldeko kautelazko neurria.
Kritiko azaldu da euskal presoaren anaia Gotzon Iparragirre, gaur Donostian egindako prentsaurrekoan: "Argentinarrak izan dira Ibonen egoera salatu dutenak. Non daude hemengo erakunde eta alderdiak? Non dago ETB?". Harekin batera izan da Iparragirreren ama Angelita Burgoa: "Sakabanaketak berez edozein presorentzat eta bere familia eta lagunentzat dakartzan ohiko kalteez gain, Ibonen kasuan kaltea areagotu da".
Joxe Mari Basterretxea neurologoa ere izan da bertan, ikuspuntu mediko batetik presoaren egoera azaltzeko: "Ibonek hiesa dauka, C-3 fasean; hau da, gaixotasun sendaezina da, kronikoa. Pairatzen duen gaixotasuna eta kartzela bateraezinak dira". Basterretxeak azaldu du, besteak beste, euskal presoak burmuina "ukituta" duela, eta, horren ondorioz, ikusmena "oso kaltetua" duela: "Ezin du irakurri".