Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 500 odol emate behar dira egunero erietxeen beharrak bete ahal izateko. Halaxe adierazi du Miguel Angel Vesgak, Euskal Autonomia Erkidegoko Transfusio eta Giza Ehunen zuzendariak. 2012. urteko odol emateen balantzea egin du Vesgak Bilbon, eta aurtengo helburuak jakinarazi ditu prentsaurreko baten bidez; haren arabera, EAEn iaz emandako odol kopurua nahikoa izan zuten pertsonen beharrei aurre egiteko. Guztira, 100.287 odol emate izan ziren iaz; bestela esanda, mila biztanleko 46 lagunek eman zuten odola. Jaso, berriz, 60.000 lagunek jaso zituzten odol transfusioak; hamarretik zortzi 60 urte baino gehiagokoak ziren.
Vesgaren esanetan, Araban jaso dute odol emate gehien 2012an. Mila biztanletik 70 pertsonak eman dute odola. Gipuzkoan, 45 lagunek, eta Bizkaian, 40k. Urtetik urtera jende gehiagok ematen du odola, gainera. "2012. urtean, 8.000 pertsona gehiago gehitu zaizkigu odola emateko, eta albiste bikaina da hori. 2011tik %1-2 egin du gora odol emateak", esan du Vesgak.
Datuak onak izan arren, 2013. urtean zenbakiek gora egitea espero dute Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan: "Odola ematen duen jende gehiena 40-45 urte ingurukoa da, eta gure erronka da gazteengana hurbiltzea". Hala, aurten 103.000 odol emate jasotzea espero du Vesgak. Gaineratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbakiak oso onak direla Europako Batasuneko batez bestekoari erreparatuz gero.