Hauteskunde egunean ohikoa denez, datorren iganderako ere segurtasun neurri bereziak ezarri ditu Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Orotara, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko 5.000 agente ariko dira lanean irailaren 25ean, horietatik erdiak hauteslekuak zaintzen. Gainontzekoak, berriz, laguntza lanetan arituko dira. Azken horien artean izango dira Ertzaintzako unitate bereziak ere.
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, hauteslekuen zaintzaz arduratuko diren agenteak hauteskunde mahaiko presidentearen esanetara egongo dira uneoro, eta agente horien egitekoen artean izango da dauden barrutian eta inguruetan propaganda politikoa debekatzea.
Bestalde, Gurutze Gorriko eta DYAko osasun langileak ere lanean izango dira hauteskunde egunean, gaixo daudenen eta ezinduen irisgarritasuna errazteko.